Deustuko pilotalekua XIX. mendearen amaieran eraiki zuten eta XX. mendearen bigarren erdialdera arte iraun zuen. Lehenengo urteetan ospe handia lortu zuen eta Bilboaldeko pilotazaleen erreferentzia nagusia bilakatu zen.

1887ko apirilaren 21ean jokatu zen lehenengo partida Deustuko frontoian. Arinago ere jokatuko zuten pilotan deustuarrek, baina egun hartan zabaldu zen pilotalekuak aro bat markatu zuen. Egundoko frontoia eraikiarazi zuen sozietate anonimo batek Deustuko plazan bertan, Udaletxearen parean. El Frontón de Deusto sozietatea urte hartako otsailean osatu zuten Alejandro Zarragak, Julian Larraondok, Vicente Agirregoitiak eta beste batzuek. Cristina Iturribarriari, Jose Gallarzagoitiari eta Fano ahizpei lursailak erosi eta Deustuko Udalarekin akordioa egin zuten eraikin berriko beheko solairuko soto baten truke beste eremu bat eman zezan. Horrela osatu zuten orubean eraikin dotorea altxatu zuten eta bere baitan teilaturik gabeko pilotaleku bikaina txertatu zuten. Kantxa 64 metro luze zen, alegia, 16 koadro; zabaleraz, berriz, hamaika metro. Hiru solairuetako harmaila eta palkoetan 4.527 eserleku paratu zituzten. Kopuru harrigarria garai hartan.

Lehenengo partida hartan ikuskizuna ez zen frontoira mugatzen. Pilotariak ere goi mailakoak hautatu zituzten, garai hartako onenak. Pilotak egundoko gorakada izan zuen garai hartan eta Argentinara eta Madrilera zabaldu zen, arrakasta handiz. Orduan moda-modan zeuden erremintazko modalitateak. Horregatik, xisteraz (zesta) aritu ziren nor baino nor gehiago Eibarko Txikitoa (Indalecio Sarasketa) eta Bizente Elizegi bikotea Baltasar eta Urangaren kontra. Lehenengoak nagusitu ziren, 50-40. Hurrengo asteetan partida gehiago jokatu ziren, garai hartako pilotari onenetako batzuekin eta haiei esker frontoi berriaren ospea nabarmen hazi zen, Eibarko Txikitoaren garaipen zerrenda nola. 

Hurrengo urteetan ere jarraitu zuen arrakastak. 1893ko uztailaren 3an, Done Peri jaiekin bat, pilota partida itzela programatu zuten: Pedro Arreseigor Portal eta Abandoko Txikitoa (Angel Bilbao) Juan Jose Gorostegi Irun eta Pedro Etxeberria Tandileroren aurka. Garaiko prentsan argitaratu zutenez Bizkaitik ez ezik, inguruko herrialdeetatik ere jende andana etorri zen partida ikustera eta trabesetan dirutza jokatu zuten. Sarrerak garestiak izan arren, egun bi lehenago agortu ziren. Bi mila lagunetik gora kanpoaldean gelditu zen, sarrera erosi ezinik. Frontoia mukuru beteta zegoenez ikusle batzuk goiko galeriako teilatura ere igo ziren.

Baina urrezko aroa etorri bezala joan zen, aitaren batean. Bilbon frontoi hobeagoa egin zuten, Euskalduna, eta 1895eko apirilaren 24an zabaldu zuten. Intendente nor jarriko eta Eibarko Txikitoa, pilotari talde bikain baten arduradun. Konpetentzia horri aurre egin ezinik, laster eman zuen amore Deustuko frontoiak. 1903ko udan prentsan azaldu zen Deustuko frontoiko akziodunek salgai atera zutela pilotalekua, 110.000 pezetatan. Hurrengo hilabeteetan enkanteak egin zituzten baina inork ez zuen posturarik egin. Azkenean Deustuko Udalak erosi zuen, 1905ean, 74.000 pezetatan. 

Artean agortuak ziren partida handietako egunak. Deustuko frontoiak pilota jarduerari  eutsi zion hurrengo urteetan, jarduera nabarmen apalagoa eduki arren, baina Udalaren asmoa erosterakoan bestelakoa zen: eraikina udal bulegoetarako baliatu nahi zuten. Hala ere, bai Deustuko Udalak erosi aurretik baita ondoren ere, bestelako ekitaldiak hartu zituen frontoiak: mitinak, jaialdiak (San Ignazio egunekoak, esate baterako), zezenketak. 

1919an Deustuko Udalak frontoiko eraikina eraistea onartu zuen plaza handiagotzeko eta apainago jartzeko. Pilotalekuak, ostera, osorik iraun behar zuen, agerian, jatorrizko frontisa eta ezker horma mantenduta. Hala ere, ez zuten orduko hartan bota. 1923an pilotalekuaren tokian futbol zelaia egiteko proposamena egin zuen SD Deustok . Zer esanik ez, asmoak ez zuen aurrera egin.

Azkenean frontoiko eraikina 1930ko maiatza eta abuztua bitartean eraitsi zuten. 1931n etorbide berria ireki zuten plaza erditik ebakiz (gaurko Agirre Lehendakariaren etorbidea)  eta, horretarako, pilotalekua laburtu behar izan zuten. Frontoi luze hura orduan galdu zen. Gainerakoak 1966ra arte iraun zuen. Orduan eraitsi zuten, haren orubean Hizkuntza Eskolaren eraikina altxatzeko. Gaur egun metro gutxitara dago Deustuko pilotalekua.

 

 

 

 

Hektor Ortega