Juan Angel Etxebarria Martin 1934ko otsailaren 7an jaio zen Santurtzin. Lehen ikasketak Portugaleten egin ondoren, 1947an eliz ikasketak hasi zituen Artean eta 1950etik Gasteizko apaizgaitegian.

 Hala ere, 1956an apaiz ikasteari uko egin zion, euskaltzaletasunagatik agintari frankistekin izandako arazoengatik. Gertaera horrek arrasto sakona utzi zion.

 Ondoren latina eta greziera irakatsi zituen Getxon eta Bilbon. Zornotzako kameldarren Olerti (1959) aldizkarian hasi zen idazten. Gero beste agerkari askotan plazaratu zituen lanak: Euskera, Zeruko Argia, Karmel edota Jesus'en Biotzaren Deya.

 Francoren diktaduran, Bilboko San Anton elizako erretore zen Klaudi Gallastegiren laguntzaz, berrogei inguru liburuxka argitaratu zituen 1965-1976 artean. Alde batetik euskara ikasbideak, edizioak eta sormen literatura. Bestetik, klasikoen eta kristau literaturaren itzulpen ugari: Fedro, Charles Perrault, Lope de Vega, Agustin Santua edota Paulo VI.a

 Portugaleteko Asti Leku Ikastolaren sortzaileetakoa izan zen 1963an eta euskaltzain urgazle izendatu zuten 1966an.

 Pilar Prietorekin ezkondu zen 1975ean eta alaba bat izan zuten. Ikasturte horretan Gernikako Seber Altube Ikatolan eman zituen eskolak. Ondoren Bermeoko ikastolara aldatu zen, eta bertan zegoela burutu zituen euskal filologiako ikasketak Deustuko Unibertsitatean 1978-1983 artean.

 1979ko udal hauteskundeetan Gernika-Lumoko Udalaren zinegotzi hautatu zuten, Herri Batasuna koalizioaren izenean. Behin lizentziatuta, Gernikako Institutuan eman zituen euskara eta euskal literatura eskolak 1984-1993 artean.

 Federiko Krutwig euskaltzainak Jakintza Baitha 1985ean sortu ondoren, elkarte helenistara gerturatu zen. Garai horretan, Krutwig buru zuen Euskaltzaindiaren Literaturta batzordeko kide izan zen, baita Azkue Biblioteka batzordekoa ere.

 1986-1989 artean Excerpta aldizkaria argitaratu zuen. Etenik gabe liburu sorta luzea prestatzen jarraitu zuen. Besteak beste, De vita exemplarium presbyterorum vasconum (1989), euskararengatik erasotuak izan ziren elizgizonen biografiak.

 1996ko otsailaren 17an hil zen Gernikan.

Antton Ugarte