Bilbotar mendizalea izan zen Raimunda Royo, emakume kirolarien aitzindaria. Bera izan zen ehun mendien txapelketa osatu zuen lehenengo andrazkoa.

Bilbon jaio zen euskal alpinismoa. Antxon Bandresen itzalean antolatu ziren lehenengo klubak (Club Deportivo), lehenengo igoera kolektiboak (Gorbeia eta Pagasarrira 1912tik aurrera), eta, azkenik, euskal federazioa (1924). Baina alpinismoan bazegoen beste kiroletan nekez aurkituko dugun osagaia: hasieratik bertatik emakumeak ageri dira parte hartzaile aktibo gisa. Horretan bat datoz garai hartako lekukotzak, grafikoak zein idatzizkoak.

Bilboko emakume mendizale haiek, gehienbat, maila sozial ertain edo altukoak izaten ziren, kirola gutxitan zegoelako klase apalen esku, are gutxiago emakume izanda. Club Deportivon, esate baterako, bazkide izatea galarazi bazieten ere, tarte bat eskuratu zuten 1923an, emakume mendizaleentzako lehiaketa eratu zenean. Baina leku hori eurek irabazi zuten, euren jardunaz, gizonezko bazkideen emakumeak edo arrebak mendi txango askotara joaten zirelako.

1924an Bilboko Club Alpino sortu zen. Hamabi bazkide sortzaileen artean emakume bat zegoen, Raimunda Royo. Mendizalea zen Raimunda, eta hurrengo urteetan ederto erakutsi zuen. 1914an abiatu zen Ehun Mendien Lehiaketa, alegia, Euskal Herriko ehun tontor ezaugarri epe jakin batean igotzeko txapelketa. Euskal Federazioa eratu zenean (1924), bere gain hartu zuen lehiaketaren ardura eta ehun mendiak igotzen zituztenei egiaztagiria emateko lana. Bada, 1930eko azaroaren 2an Federazioak Arrateko santutegian egin zuen batzarrean ehun mendien lehiaketa osatu zuen lehenengo emakumea saritu zuten: Raimunda Royo.

Alpinon segitzen zuen bilbotar mendizaleak eta ez zen emakume bakarra. Lehiaketa osatze bidean zebilen elkarte horretako beste bazkide bat, Agustina Saez. Eta batzar hartako aktan ikusten denez, beste mendi elkarte askotan ere emakumeak ziharduten, kirol horretan buru belarri. Horren erakusgarri dugu, halaber, Antonio Ferrer mendizaleak 1930eko urtarrilean Excelsiorren argitaratu zuen artikulua, emakumeak eta mendia gaitzat hartuta. Andre ausart haiek goraipatu zituen eta izen bi aipatu zituen, Esperanza Alvarez eta Raimunda Royo.

Hektor Ortega