Athleticek eduki duen aurrelaririk onena Telmo Zarraonandia Montoia, Zarra, izan zen. Hamabost denboraldiz jantzi zuen elastiko zuri-gorria eta bitarte horretan ezarri zituen marketako batzuk hain dira harrigarriak ezen oraindik ez ditu inork ondu. Aurrelari petoa zen, errematatzaile itzela hankaz nahiz buruz, bizkorra eta kiroltasun handikoa. 

Telmo Zarraonandia Asuan (Erandio) jaio zen 1921eko urtarrilaren 20an. Aita tren geltokiko arduraduna zen. Han hasi zen futbolean, lehenengo Asuako taldean eta, 1937an, Erandiokoan. Sasoi hartantxe aldatu zen familia Mungiara, aitaren ogibidearen ondorioz. Erandiorekin Bigarren Mailako liga jokatu zuen 1939-40 denboraldian. Gerraoste latza zen hura eta Athletic ere ezerezetik birsortzeko ahaleginetan ziharduen. Gerra aurreko talde loriatsua zeharo birrinduta zegoen eta belaunaldi berriei begira jarri zen kluba. Horrela iritsi ziren talde zuri-gorrira hurrengo urteetan hamaika poz eta titulu eman behar zion gazte andana. Horietan inportanteena, Gaintzarekin batera, Telmo Zarraonandia.

Athleticekin 1940-1941 denboraldian hasi zen. Lehenengo partida Valentzian jokatu zuen 1940eko irailaren 29an. Norgehiagoka bina amaitu zen, eta zuri-gorrien gol biak aurrelari berriak egin zituen. Hamaikako hartan belaunaldi gazteko kideak zeuden (Iriondo, Panizo…), baita izen handiko jokalari zaharragoak, Bertol kasu. Denboraldi hartan zortzi partida jokatu zituen (titularra Victorio Unamuno zen). Hurrengoan, ostera, Liga eta Kopa artean 29 aldiz zelairatu zen eta 28 gol egin zituen. Orduko hartan Kopako finala jokatu zuen Athleticek (Zarrak gola egin zuen) baina luzapenean galdu zuen.

Hala ere, taldea gorantz zihoan. 1942-43 denboraldia gogoangarria izan zen. Athleticek bikoa egin zuen, alegia, Liga eta Kopa irabazi zituen. Zarraren lanak eta golak (24) garrantzi handikoak izan ziren; adibidez, Kopako finaleko gol bakarra berea izan zen.

Hurrengo denboraldia, ostera, askoz urriagoa izan zen. Jokalari garrantzitsu asko min hartuta egon ziren luzerako (Gaintza, Lezama…) edo tarte baterako (Zarra bera). Taldea burumakur zebilen eta premiazko neurri bezala, Athleticek Rafa Escudero deitu zuen. Escuderok Indautxun jokatzen zuen (Hirugarren Mailan), aurrelari trebea zen eta ez zuen profesionala izan nahi. Kinka larria zela ulerturik, onartu egin zuen talde zuri-gorriaren eskaintza, baina afizionatu gisa jokatu zuen. Taldeak bidea zuzendu zuen Ligan. Kopa jokatu zenerako (maiatza-ekaina) min hartutakoak sendaturik zeuden. Athleticek talde bikaina zeukan eta finalean Valentzia (Liga txapelduna) gainditu zuen. Zarrak eta Escuderok gol bana egin zuten.

Hura izan zen Athleticek jokatu zuen hirugarren finala jarraian. Hurrengo urtean ere ez zuen hutsik egin. 1944-45ean ere finalera heldu ziren zuri-gorriak eta berriro Valentzia aurkari. Partida gogorra (3-2) baina Athletic nagusi. Hirugarren Kopa errenkadan bilbotarrentzat. Eta Zarraren ekarpena, ezinbestekoa. Kopan 14 gol erdietsi zituen bederatzi partidatan (bat finalean) eta Ligan lehenengoz Pitxitxi saria (Ligan gol gehien sartzen dituen jokalaria) irabazi zuen, 19 gol eginda.

Talde bikaina zeukan Athleticek, baina batez ere golegilea. Aurrealde ahaltsu hura mitikoa bilakatu zen (Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza) edozein defentsa urratzeko gauza zelako. Golak andanaka sartzen zituzten eta horren erakusle dugu Zarrak lortutako Pitxitxi sariak (1945-46 eta 1946-47) eta txapelketetan erakutsi zuten grina eta adorea. 1946-47ko Ligan bigarren amaitu zuen Athleticek, lehenengoarekin (Valentzia) berdindurik. Txapelketa hartan 72 gol egin zituzten, haietatik 34 Zarraren bitartez.

Talde bikain hura 1948-49 denboraldian itzuli zen Kopako finalera. Atzera ere Valentziaren kontra jokatu zuen, baina orduko hartan galtzaile atera zen Athletic. Kopa txapelketa hartan Zarrak hamar gol egin zituen bederatzi partidatan. Hurrengo urtean hartu zuten mendekua. Liga kaxkarra egin zuten arren, Kopan berriro heldu ziren finalera. Valladolid egokitu zitzaien aurkari eta 4-0 irabazi zioten. Lau golak, Zarrarenak (Kopan 13 gol egin zituen 7 partidatan). Ligan ere Pitxitxi saria eskuratu zuen (laugarrena, 23 gol).

Hamarkada berria ate joka eta lehengo lepotik burua, alegia, emaitzarik onenak Kopan lortuta eta Zarra golegile asegaitz. Hurrengo denboraldietan ere Pitxitxi saria bitan eskuratu zuen (1950-51 eta 1952-53). Lehenengoan 38 goleko marka sinesgaitza laga zuen 30 partidatan. 60 urte behar izan dira langa hori gainditzeko.

1952-53 izan zen bere azken denboraldi bikaina. Zarraren Pitxitxi sariaz gain, taldea Kopako finalera heldu zen beste behin. Orduko hartan Bartzelona eduki zuen aurrean eta 1-2 gailendu zitzaien zuri-gorriei.

Azken denboraldietan Zarrak gutxi jokatu zuen. 1954-1955 denboraldian utzi zuen Athletic. Eneko Arietak hartu zuen haren lekukoa. Urte bi gehiago egin zituen Bigarren Mailan, Indautxun eta Barakaldon bana. Ondoren, erretiroa hartu zuen. Orotara, Athleticekin 352 partida ofizial jokatu zituen eta 332 gol egin zituen (0,94 gol partidako). Liga bat (1942-43) eta bost Kopa (1943, 1944, 1945, 1950 eta 1955) irabazi zituen eta sei bider eskuratu zuen Ligako Pitxitxi saria.

Nazioarte mailan Espainiarekin 20 aldiz jokatu zuen. 1950eko Munduko Txapelketan aritu zen, Brasilen, eta bikain jardun zuen. Lau gol egin zituen sei partidatan, tartean Ingalaterra kanporatu eta Espainia finalaurrekoetara eraman zuena. Azkenean Espainiak laugarren egin zuen.

Marka itzelak laga zituen. Besteak beste, Zarra da Pitxitxi sari gehien irabazi duen jokalaria (sei bider), Kopako golegilerik handiena (83 gol), Athleticen golegilerik handiena (333 gol) eta Kopako final batean gol gehien (lau) sartu dituen jokalaria. Baina markak marka, beste ezeren gainetik Telmo Zarra kiroltasunaren eredu bilakatu zen bere ibilbide luzean.

Bilbon hil zen 2006ko otsailaren 23an. 2014an Bilboko Udalak haren izena paratu zion San Mames futbol zelaiaren ondoan dagoen kale bati.

Hektor Ortega