Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea 1947ko ekainaren 10ean jaio zen Zornotzan. Eliz ikasketak pasionistekin egin zituen 1958tik aurrera, hainbat herritan: Gabiria, Zornotza, Gaubea, Tafalla, Urretxu eta Bilbo.

 Komentuetan, Laiaketan (1959-1969) eta Bidez (1963-1968) aldizkariak argitaratu zituzten. 1968-1969 ikasturtean, Deustuko San Felizisimo santutegian euskarazko eskolak eman zituen. Ondoren pasionista izateko ikasketak alde batera utzi zituen.

 Itabat irakasle taldeko kide gisa, barnetegiak antolatu zituen 1970-1972 artean Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Halaber, Bizkaiko alfabetatze-euskalduntze taldeen koordinatzaile izan zen, 1975ean AEK izango zenaren ernamuina.

 Irakasleak prestatzeaz gain, Itabat eta Ekiten taldeek hainbat ikasbide argitaratu zituzten garai horretan: Euskalduntzen (1972-1973), Euskara (1976), Euskal hiztegi modernoa (1977), Ortografia, deklinabidea, sintaxisa (1978) edota Hiztegia 80 (1980).

 Euskaltzaindian ekonomia eragile izendatu zuten 1973an eta euskaltzain urgazle 1975ean. Espainiako Trantsizioan, Eusebio Erkiaga diruzain zela, besteak beste, “Bai Euskarari” (1978) dirulaguntza kanpainan parte hartu zuen.

 Imanol Berriatua buru zuen Oinarrizko Euskararako batzordeko idazkaritzan, aldiz, Hitz egin! (1978-1982) liburukiak argitaratu zituzten, Israelgo ikasbideen ereduari jarraituta.

 Euskaltzaindiaren Etsaminen batzordean, irakasle tituluez arduratu zen, Eusko Jaurlaritzaren (1982) eta Nafarroako Gobernuaren (1985) esku geratu ziren arte.

 Halaber, akademiak antolatutako Bizkaiko nahiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian (1980, 1982) aritu zen.

 1983an Henrike Knörr izendatu zuten diruzain eta berak sortutako Ekonomia batzorde aholkularian idazkari izan zen. Garai horretatik hasita, Orotariko euskal hiztegia (1987-2005) eta Euskararen herri hizkeren atlasa (2008) burutzeko ekonomia hitzarmenak jarraitzeaz arduratu zen.

 Jose Luis Lizundiak akademiaren idazkariorde-kudeatzaile izatetik erretiroa hartu zuenean, Pello Telleria idazkariorde eta Juan Jose Zearreta kudeatzaile izendatu zituzten 2003an.

 2009ko azaroaren 7an istripu batean hil zen Zornotzako Autzaganan.

 

Antton Ugarte