Idazle eta kazetaria, euskaraz eta erdaraz idatzi zuen. Euskaraz Erletxue izenpean egin zuen; erdaraz, ostera, Egas ezizenaz sinatu zuen. Olerkiak, ordea, euskaraz idatzi zituen. Politikan ere jardun zuen eta EAJko zinegotzia izan zen Bilbon.

Juan Abando 1885ean jaio zen Bilbon. Abandoko Done Bikendi elizan bataiatu zuten. Aita Arrietakoa zuen; ama, berriz, zamudioztarra. Bilbon merkataritza peritu ikasi ondoren aitak Pasaiara bidali zuen burdina urtzen ikas zezan. Aita Onandiak dioenez, hantxe zaletu zen bertsotan, sasoi hartan punta-puntan zebiltzan Jose Manuel Lujanbio Txirrita eta haren bertsokideak entzunda.

Ogibidez merkataritzarekin lotutako gaietan jardun zuen arren, Juan Abandok asko idatzi zuen. Euskaraz, gehienbat 1930 eta 1937 bitartean idatzi eta argitaratu zuen, hala Euzkadi eta Eguna egunkarietan nola Euzkerea aldizkarian. Kazetari lanak eta, batez ere, bertsoak eta olerkiak plazaratu zituen. Erdaraz, ostera, kirol kontuak jorratu zituen Excelsior eta Excelsius egunkarietan, gehienbat mendi gaiak. Kirolzale sutsua zen. Horren erakusle dugu, besteak beste, Bilboko Club Deportivoko bazkide eta sustatzaile aritu izana eta EAJko Bilboko Mendigoizaleen lehenengo talde baten sortzaile eta arduradun jardun izana.

Julen Urkizak Juan Abandoren 91 olerki aurkitu ditu 1931-1937 urte bitarteko Euzkadi, Eguna eta antzeko argitalpenetan. Idatzi ez ezik, Erletxue garai hartako euskal kultur giroko partaidea izan zen, Lauaxeta bezalako olerkarien laguna.

Politikagintzan ere jardun zuen, EAJko zinegotzi gisa Bilboko Udalean. 1922an udal korporazioan zegoen eta bertara itzuli zen Errepublikaren aroan. 1934ko irailean atxilotu eta Larrinagako espetxean giltzapetu zuten, gainerako zinegotzi jeltzale, errepublikazale eta sozialistekin batera, tartean Ernesto Erkoreka alkatea ere bazela, euskal udal askok kontzertu ekonomikoaren defentsan egindako protesten baitan.

Bilbon hil zen, 1946ko maiatzaren 6an. 

Hektor Ortega