José Pablo Durañona Bilbon jaio zen 1889ko urtarrilaren 14an. José Acillona Garay, ere Gorteetako diputatu izan zenaren, eta Petra Durañona Santa Clararen semea zen. María Nuñezekin ezkondu eta ez zituen seme alabarik izan. 1945. urteko urriaren 2an Burgosen zendu zen.

Batxilergoa Bizkaiko Institutu Orokor eta Teknikoan egin zuen eta 1905eko martxoaren 24an lortu zuen titulua. Ondoren, Zuzenbidea egin zuen Deustuko Unibertsitatean, azterketak Salamankako unibertsitatean egiten zituelarik. 1910. urteko ekainaren 14an lizentziatu zen.

Bere emaztea Bizkaiko meatzari gailen baten alaba zen, Luis Nuñez Artecherena. José Pablo Acillonak egoera ekonomiko ona lortu zuen bere aitarengandik jasotako ondare eta bere ezkontzaren ondorioz. 1920. urtean bere ondasuna, balio, lursail eta meatzetako partaidetzak 2.500.000 pta. zirela kalkulatu egin zen.

Acillona Crédito de la Unión Minera banketxeko lehendakariorde zelarik, 1925ean, bankuak   porrot egin zuen. Arrazoiak, burtsan egondako espekulazioa, oso harreman estua zuen meatze sektorean izandako arazoak, kontabilitatean urte askoz egondako faltsukeria, plantazko etekinak aurkeztearen ondorioz, eta kontseilariak fondo ekonomikoez modu ez oso argian onuratzea izan ziren. Epaileak deklaratzera deitu eta kartzelaratzea agindu zuen. Azkenean, ondorio juridiko eta ekonomiko guzti hauetatik guztietatik kalterik gabe ateratzea lortu zuen. Izan ere, eta bere zereginaren zalantzak argitzeko, Acillonak, bi txosten argitaratu zituen. Bere postua lehendakariordearena bazen ere, berak, banketxearen eragiketetan ez zuela parte hartzen eta jakinaren gainean ez zegoela argituz. Bere zeregina, soilik, kontseiluaren administrazio bileretara joatea zela aitortu zuen txosten horietan.

1918an bere aitarengandik Acillonako Markes titulua eskuratu zuen, León XIII Aita Santuaren eskutik eta Benedicto XV. aren baimena jaso ondoren. Estatu kontseiluak ere Espainian titulu horren erabilpena baimendu zion.

Independentzia politikoa mantendu zuen, bere aitaren antzera. Ez zuen partidu zehatz baten aukera egin. Katoliko eta euskal foralitatearen berezitasunen defentsaren baitan kokatzen zen bere pentsamendua.

1914. urtean egindako hauteskunde orokorrean Markinako barrutian bakarka aurkeztu zen. Acillonak 4.133 boto lortu zituen, hauteskunde erroldako % 67,26 zena. EAJ-PNV-ren babesa izan zuen, beraien interesak defendatzeko hautagai hoberena ikusten zutelarik. 1916an oposizioan Alberto Onaindia Badiola monarkiko liberala zegoen. 2.907 bozkarekin irabazi zuen, % 53,46.

 


Izaro Arbilla