Antxon Bandres Azkue euskal mendizaletasunaren aita dugu, Euskal Herrian mendia kirol bihurtu zuena eta kirol hori herritarren artean zabaltzeko ahalegin itzelak egin zituena. Baina horrez gain, kirolzale amorratua izan zenez, mendiaz gain modalitate asko probatu zituen: txirrindularitza, motoziklismoa…

Tolosan jaiotakoa, Bilbora gazterik etorri zen (1895), seme-alabarik ez zeukaten izeko-osabaren etxera. Osaba, Pedro Mazas, Boluetako Santa Ana elektrizitate zentralaren ugazaba zen eta bertan hasi zen beharrean, arduradun gisa. Ondoren zuzendari izendatu zuten eta harrez gero sektore elektrikoan egin zuen behar Unión Eléctrica Vizcaina eta Hidroeléctrica Ibérica enpresetarako. Bilboko elite burgesaren baitan txertatu zen Bandres, eta gizarte sail horretako gazteen artean puri-purian zegoen sport zaletasuna bere egin zuen.

Hala ere, bere klasekoen artean ohikoak ez ziren jarrerak ere erakutsi zituen Bandresek. 1909an boluntario joan zen Rif aldera berbereen aurka borrokatzera. Artean 35 urteko gizona zen. Urte batzuk geroago, Bilboko Club Nauticoko elitistaren afari batean, gazte monarkiko batzuen oihuekin nazkatuta, ‘¡Viva la libertad!’ eta ‘¡Viva la República!’ egin zuen aldarri. Aretotik bota zuten.

1915-1920 bitartean zinegotzia izan zen, kandidatura independente errepublikazale baten baitan aukeratuta. Gran Vía barruti aristokratikoan lehenengo gelditu zen. Udaletxean beren-beregi euskara, kirola eta higienea sustatu zituen.

Baina bere bizitzaren ardatza, duda barik, kirola izan zen eta, bereziki, mendizaletasuna. Club Deportivoko fundatzailea ez ezik, bigarren presidentea izan zen (1913-14, gero berriz ere 1920-21ean) eta haren hauspo nagusia. Deportivotik kirol guztiak sustatu nahi izan zituen, berdin txirrindularitza, motoziklismoa, futbola edo goitibeherak. Baina bere grina mendirako zen. Mendia artean lantegia zen euskaldunentzat, dela artzain, baserritar, ikazkin, egurketari edo kontrabandista. Aisialdirako erabiltzen zuten bakarrak, ehiztariak. Baina Antxon Bandresek, garai hartan Frantzian, Suitzan eta beste herrialde batzuetan egiten zutenaren ildotik, mendia gozatzeko nahi zuen. Eta sport berrien aro hartan, dirudunen esku baino ez zeuden kirol haien ordez mendizaletasuna hautatu eta zabaldu nahi izan zuen bilbotarren eta, oro har, euskaldunen artean, abarketa parea besterik ez zela behar esanez.

Club Deportivotik ekin zion zeregin horri. Lehenengo, deialdi zabalak egin zituen mendira igotzeko: Gorbeiarako txangoak (1912an 145 lagun, 1913an 400…) Pagasarri Kopa (1912 eta 1914 artean, bi mila lagun)… Ondoren azpiegiturak: aterpetxeak egiteko kanpainak, buzoiak ipini. Bilbotar askok orduan hartu zuen hiri kutsatua utzi eta mendira aire osasungarria arnas hartzera joateko ohitura. 

Euskal Herri osoan mendizaletasuna finkatzeko eta indartzeko hiru oinarri jarri zituen. Lehenengo, mendi lehiaketak. 1914ko irailaren 30eko gauerdian, Ganekogortako tontorrean ‘Gora mendizaliak!’ aldarri eginda abian jarri zuen mendiak igotzeko lehiaketa. Horretarako lekuan lekuko mendi elkarteek buzoiak jarri zituzten gailurretan. 1918an ehun mendien txapelketa asmatu zuen Bandresek, eta egundoko bultzada eman zion mendizaletasunari.

Bigarren oinarria kluben arteko federazioa sortzea izan zen, elkarlanean proiektu handiagoei ekiteko. Antxon Bandresen ekimenez sortu zen 1924an Elgetan Euskal Mendizaleen Federazioa (EMF). Bandres bera jarri zuten buru. Eta, azkenik, mendi albisteen berri eman behar zuen buletina argitaratu zuten: Pyrenaica aldizkaria (1926), oraindik ere badabilena.

Mendizaletasuna sustatu ez ezik, praktikatu ere egin zuen, jakina. Euskal Herriko mendiez gain, Aneto (1925) eta Mont Blanceko (1926) tontorrak zapaldu zituzten lehenengo euskaldunetakoa izan zen. 

Gerra Zibilean Errepublikaren alde lerrokatu zen eta horregatik frankistak Bilbora sartu orduko ihes egin zuen. Lau urte eman zituen Donibane Lohizunen errefuxiatuta. 1943ean itzuli zen. Hiru urte geroago omenaldia egin zioten jaioterrian, Tolosan. Bilbon hil zen, 1966an. 

Hektor Ortega