Luis Araquistáin Quevedo Cantabrian jaio zen 1886ko ekainaren 18an. Bárcena de Pie de Conchan, bere ama María Quevedo Calderonen herrian. Bere aita, Asensio Araquistain Aguirre Elgoibarrekoa zen eta Santanderreko portuan egiten zuen lan kontratista moduan. Luis Araquistáin Ginebran zendu zen 1959ko abuztuaren 6an.

Batxilergoa Bilbon egin zuen eta bertan Tomás Meabe, sozialistarekin, egin zuen bat. Nautika ikasketak burutu zituen 1904an. Baina itsastar moduan oso gutxi aritu zen. Berak bidaiatzea maite zuen, mundua ezagutzea, beste hizkuntzen ezagupena eta batez ere irakurri eta idaztea maite zuen. 1904an bere lehenengo poemak argitaratu zituen Donostiako Euskal Erria aldizkarian eta Madrileko Vida Galanten. 18 urterekin Argentinara joan zen eta gutxira, 1907. urtean Ingalaterrara bere ingelesa hobetzeko.

1908. urtean Araquistáin Londresen geratu zen kazetari moduan. Urtean 300 publikazio baino gehiago argitaratzea lortu zuen. El Mundo, El Noticiario Bilbaino, El Diluvio, Nuevo Mundo, El Liberal, El Sol edo La Prensan idatzi zuen besteak beste. Kazetaritza izan zen beraz bere ogibide nagusia, Levitán edo Claridad bezalako publikazioak sortuz, baina enbaxadore, delineatzaile, diputatu edo bestelako lanak ere egin zituen.

Bere pentsamendua beti sozialista izan zen, etapa ezberdinetatik pasa bazen ere. Hasieran erreformista izan zen, gerora sektore espainolen erradikalizazioaren ideologo izan zen ere eta  demokratiko, atlantista eta batez ere antikomunista bukaeran.

1914. urtean Araquistáin Madrilera itzuli zen, Gertrud Graa emakume suitzarrarekin ezkondua. Bi seme alaba izan zituen, Ramón eta Sonia. Urte honetan ere Partidu Sozialistan sartu zen eta 1915ean Kongresuko ordezkari moduan parte hartu zuen. 1920an zinegotzi aukeratu zuten Madrileko udalean.

Bigarren Errepublikan gogor aritu zen lan politiko eta kazetaritza lanetan sozialismoaren garapen ideologikoaren alde. Francisco Largo Caballeroren gertuko kontseilaria izan zen. Berlinen enbaxadore izan zen 1933. urtean, nazionalsozialismoaren hazkundea oso gertutik bizi izan zuen eta honek bere ideologia iraultzaren aldekoa bihurtzea eragin zuen. Gerora Negrinen aurka aurkeztu zen eta 1939. urtean partidutik bota zuten. Parlamentari moduan bere lana oso urria izan zen. Ez omen zen oso hizlari ona.

Izaro Arbilla