Antonio Arguinzoniz Izcoa Durangon jaio zen 1817ko urtarrilaren 4an.

Humanitate, Letrak eta Filosofia ikasketak egin zituen eta Oñatira joan zen bizitzera, aurrerago Alcalá de Henaresera joan zen Zuzenbidea ikastera Lehenengo Gerra Karlistaren baitan. 1839an amaitu zuen karrera.

1843an Durangon alkate izendatu zuten, 1844an Gernikako Biltzar Nagusitan sartu zen eta 27 urte zituela diputatu nagusi izendatu zuten. Isabel II-ak Mayordomo de Semana de su Majestad izendatu zuen. Bera diputatu moduan zegoenean bidezain politikak aurrera egin zuen eta 1820-1830. urteen artean zuen dinamikotasuna berreskuratu zuen.

Bidezain enpresak zailtasun handiak zituzten. Diputazioak, bere agintean, bide azpiegitura handi handi baten eraikuntzan lagundu zuen eta bidezain enpresa pribatuen jabetzea aurrera eraman zuen, izan ere, zor asko zituzten eta ezin zuten eraiki ezta mantendu ere. 1845ean Madrid-Irun trenbidearen sustatzaile izan zen eta Administrazio Kontseiluko lehendakariordea.

Bizkaiko gaietan parte hartzen zuen, Biltzar Nagusietan batez ere. Bere eginkizun garrantzitsuenetarikoa, J.M Arrieta Macarúarekin batera egindako kanpaina izan zen. Bizkaiko iritzi publikoaren kontra jarri ziren Bizkaiak soldadu kontingente bat Afrikara bidaltzearen alde aurkeztu zirenean.

Larrabetzun hainbat baserri zituen eta ahozko tradizioaren arabera, bere administratzaileak errentak kobratu ondoren Durangora zihoanean, J.A. Madariagak, “Patakon” deitzen zutena, herriko arotza eta bidelapurrak, irabazitakoa kentzen zion gero behartsuen artean banatzeko.

San Carlos de la Rapitan atxilotu zituzten Karlista matxinatuen alde ere egin zuen. Bandera Katolika-ren eta foru sistemaren aldekoa zen bere ideologia. 1868an aldaketa demokratikoak suertatu zirenean, Lorenzo Arrieta -Mascurúa Bizkaiko Aldundiko buru zenean, Bizkaiko Erregimentu Nagusiak, 1868ko urriaren 9an, Justizia Kontseiluko kide izendatu zuen.

Bere ideologia kontserbadorea zen eta katolikotasunaren defentsatik abiatuz 1860ko hamarkadan,  karlistekin lerrotu zen eta aldi berean foruzalea ere bazen. Arguinzoniz Zornotzako hitzarmenean izandako protagonismoagatik da ezaguna. 1872an insurrekzio karlistaren buru izan zen Bizkaian baina Serrano general liberalarekin hitzarmena egin zuen Zornotzan, karlistak desarmatzeko eta trukean etxera guztiak joateko. Hala ere, egindako hitzarmen horren ondorioz,  karlista asko bere etsai bihurtu ziren, beraz, ondoren gerran ez zuen parte hartu Valentzian deserriratu zutelako. Handik aurrera, ez zuen berriro bizitza publikoan parte hartu eta 1888ko maiatzaren 7an zendu zen Durangon.

Izaro Arbilla