Manuel Azaña Díaz Alcala de Henaresen jaio zen 1880ko urtarrilaren 10ean. Bere gurasoak, Esteban Azaña Catarineu eta Josefa Díaz Gallo ziren. Azañatarrak Alcalako familia diruduna ziren. Ideia liberalekoak.

Alcalako eskolapioetan ikasi zuen eta 1893. urtean Zuzenbide ikasketak hasi zituen El Escorialeko goi mailako ikastetxe katoliko batean. Lau urte igaro zituen bertan barneko ikasle moduan eta karrera amaitu gabe joan zen. Urte bat beranduago Zaragozako Unibertsitatean amaitu zuen. Ondoren Madrilera joan zen eta bertan La responsabilidad de las multitudes tesia aurkeztu zuen 1900eko ekainean.

Abokatu moduan lanean hasi zen, baina ez zitzaion gustatu eta familiak zituen negozioekin jarraitzea erabaki zuen. Bere anaia Gregoriorekin batera, berrikuntza enpresarialak bultzatu zituen, besteren artean elektrizitate fabrika bat. Baina, ez zuten arrakastarik izan eta Azañak familiaren ondarea saldu behar izan zuen. Funtzionario egitea erabaki zuen orduan. Beraz oreka ekonomikoa lortuta bere jakin-min intelektual eta politikoa asetzea erabaki zuen.

Errepublikaren proiektua hazten joan zen intelektual moduan eta politikari bezala praktikara eramaten saiatu zen. 1924. urtean Apelación a la República idatzi zuen eta bertan bere planteamendu politikoa azaldu zuen. Bere burua intelektual, liberal eta burgestzat zuen. 1930ean, Primo de Riveraren diktadura bukatuta, Ateneoko presidente aukeratu zuten. 1931ko hauteskundeen ondoren, Azaña Behin-behineko Gobernuko gerra ministro izendatu zuten eta bertan erreforma militar garrantzitsua egin zuen militarismoarekin bukatzeko asmoz.

Urriaren 14an, Alcalá Zamoraren dimisioaren ondoren, Azaña Gobernuko presidente izendatu zuten eta Estatuaren erreformarako zuen proiektu politikoa bultzatu zuen. 1933. urtetik aurrera arazo politikoak suertatu ziren, Gorteak deuseztatu zituzten eta berriz ere hauteskundeak antolatu ziren. Azaña Bilbon aurkeztu zen. Emaitzak ez ziren onak izan, CEDA aurrera pausoak ematen zituen eta arazo hauen ondorioz Azañak partidu berri bat sortu zuen: Izquierda Republicana, ezkerreko errepublikanismoa batu eta indar gehiago izateko.

1936an Frente Popularra sortua zen, sozialista eta komunistekin batera eta otsaileko hauteskundeetan berriz ere Gobernuko presidente bihurtu zen Azaña. Gerra Zibila bitartean mundu mailan laguntza lortzen saiatu zen, baina alferrik izan zen. 1939an erbesteratu zen Parisen eta 1940ko azaroaren 3an hil zen Montaubanen (Frantzian).

Izaro Arbilla