Bilbon jaio zen 1833an. Filosofia ikasketak hasi zituen eta 1861eko maiatzaren 24an Madrilen (Universidad Central de Madrdid-en) burutu zituen Zuzenbide Zibil eta Kanonikoan.

1893an Senatari kargua hartzeko errenta erakutsi behar izan zuenean, kaudimen handikoa zen, izan ere, zor publikoko 10 titulu erakutsi zituen eta guztira 200.000 pta-koa zen.

Unibertsitateko titulua eskuratu eta urte betera, dekretu baten bidez, Isabel La Católica Ordenako komendadore izendatu zuten. Handik hiru urtera, 1864ko urriaren 5ean, beste dekretu baten bidez Comendador de Número izendatuko dute eta azkenean, 1882. urtean ordena horretako Gran Cruz delakoa lortu zuen. 1861. urtean Gasteizko alkatetza eskuratu zuen.

1881ean Tolosatik aukeratua izango da diputatu moduan. Joaquín Gorosteguik utzitako karguaren ordezko moduan sartu zen. 1883an egin zuten hautaketa partzialean. Momentu honetan oso gutxitan hartuko du parte Ganbaran. Bi komisioetan aritu zen bakarrik.

1884an berriz ere aukeratuko dute Tolosako diputatu moduan bi urterako. Behin bakarrik hartu zuen hitza, 1885ean izan zen eta Eibar, Ermua, Arrasate, Plazentzia eta Elgoibarreko bizilagunen alde egingo du, lanik gabe aurkitzen bait ziren momentu hartan. Armen industriaren alde egitea eskatu zuen, alegia atzerriko inportazioarekin bukatzea. Baina Gerra Ministroak armen industrian sartzeko dirurik ez zegoela erantzun zion. Hurrengo hamarkadan ere berdin gertatuko zaie, Francisco Ansaldo edo Otalorari. Bestalde, hiru komisiotan aritu zen Kongresuan. Algortako portua kalifikatzen zuena, besteren artean.

1886an berriz ere aukeratuko dute 1890era arte. Hainbat komisioetan aritu zen. Oso ezberdinak guztiak. 1891n senatari bezala aurkeztuko da baina ez du irabaziko, bai ordea 1893an, Gipuzkoako probintziako senatari aukeratuko dute. Bigarren postua eskuratuko du, Benigno Rezustaren atzetik.

Eztabaidaren ondotik etorri zen Torre Ortiz Gilen hautaketa, izan ere karlista integrista eta sinpleen arteko ezberdintasunak piztu egin zituen. Integristak besteei liberalen alde egitea leporatzen zieten.

Gregorio Alcalá Zamora hil zenean, biziarteko senatari izendatuko du erreginaordeak, 1894ko apirilaren 14tik 1908an zendu zen arte egongo da postu honetan.

Izaro Arbilla