Durangon (Mexikon) jaio zen 1901eko otsailaren 20an, baina seina zela Espainiaratu zuten. Madrilen egin zituen Filosofia eta Zuzenbide ikasketak. Garai hartan hasi zen katolizismo politikoan militatzen. Ikasketak amaituta Bilbora etorri zen banketxe batean lan egitera. Militantzia katolikoaren ondorioz, 1930eko apirilean La Gaceta del Norten hasi zen. Urtebete geroago kontseilari-ordezkari izendatu zuten, egunkariko arima eta iparra zen Jose Maria Urkixo Ibarraren alboan lan egiteko. Zuzendari Aureliano Lopez Becerra, Desperdicios  zegoen.

1936ko uztaileko estatu kolpeak huts egin zuenean, Errepublikako agintariak La Gaceta del Nortez jabetu ziren. Antonio Gonzalez ezkutatu egin zen eta 1936ko irailean arrantza-ontzi batean Donostiara egin zuen ihes. 1937an frankisten eta EAJren arteko isilpeko negoziazioetan hartu zuen parte. Frankistek Bilbo hartu eta gero, bere ardura izan zen langileak, kazetariak eta akziodunak batzea egunkaria berriro martxan ipintzeko, Urkixo 1936an fusilatu zuten eta. Desperdicios zuzendari jarri arren, Gonzalezek botere guztia bildu zuen, hala egunkariaren ildoari nola jarduera ekonomikoari zegokionean. Desperdiciosek erretiroa hartu zuenean (1951), Gonzalezek egunkariko zuzendaritzaren ardura ere eskuratu zuen.

Francoren diktadura aro oparoa izan zen La Gacetarentzat, besteak beste Antonio Gonzalezek abian jarri zituen neurri batzuei esker. Alde batetik, 1960tik aurrera errotatiba modernoa ezarri zuen Boluetan, egunkaria merkeago eta arinago egiteko. Bestetik, hamarkada horretatik aurrera La Gacetak edizioak argitaratu zituen inguruetan (Santander, Araba, Errioxa…). Bilboko egunkaria zena 1939an, erregio mailakoa zen 1971ean, tirada bikoiztuta (40.000 aletik, ia 80.000 alera) eta lehiakideen (bereziki, El Correo Español) gainetik. 1971ean seme Manuel Gonzalez Barandiaranen esku utzi zuen La Gacetako zuzendaritza.

Diktaduran hamaika sari eta domina eman zioten Antonio Gonzalezi. Gorte frankistetan prokuradorea izan zen eta zenbait elkartetan (kazetari elkarteak, propagandagile katolikoenak…) goi karguak eskuratu zituen. 1979ko apirilaren 21ean hil zen. 

Hektor Ortega