Jesus Atxa Agirre 1920ko maiatzaren 28an Aretxabaletan jaio zen. Sorterrian eta Durangoko jesuitekin egin zituen lehen ikasketak, baina Espainiako Gerra Zibila hastean Belgikara alde egin zuen.

 Gero Venezuelara eta Kolonbiara joan zen, eta Bogotako Xabiertar Unibertsitatean burutu zituen filosofia eta letren ikasketak. Jesuita izateari utzita, Caracasko Euskal Etxearen inguruan, EAJn izena eman eta Yon Oñatibiaren Argia aldizkarian lankide aritu zen.

 Francoren diktadura betean, 1945ean, Euskal Herrira itzuli zen. Elorrion bizi zela, Lince fabrikan, Bizkaiko Aurrezki Kutxan eta kooperatibismoan aritu zen. Bertan ezkondu zen Juli Igartzarekin 1953an.

 1964ean Bilbora aldatu zirenean, zegoeneko hiriburuko Edili argitaletxe euskaltzalearen zuzendaria zen. Ez arazorik gabe, euskara batuaren aldeko apustua egin zuen. Gerediaga Elkarteko kide izan zen eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan parte hartu zuen 1965eko abiaburutik.

 Gipuzkoako hainbat ikastolen sortzaileetakoa izan zen, baita Bizkaiko herri askoren sustatzailea ere: Ondarroa, Ermua, Berriz, Zornotza, Galdakao, Durango, Bilbo (Deustua eta Santutxu), Getxo, Sestao, Gernika, Lekeitio, Markina, edota Igorre.

 Nafarroan beste hainbeste egin zuen, eta Iruñerriko San Fermin Ikastolaren burua izan zen 1970-1984 artean, erretiroa hartu arte. Halaber, Nafarroako Ikastolen Elkartea sortu zutenetakoa izan zen 1977an.

 Espainiako Trantsizioaren garaian, autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusian aritu zen, Karlos Santamaria buru zuen Hezkuntza sailean. 1986an EAJ zatitu ondoren,  Eusko Alkartasunarekin bat egin zuen.

 1990ean Nafarroako Ikastolen Elkarteak artxibo historikoaren arduradun izendatu zuen. Ikastola askoren historia laburrak idatzi zituen, besteak beste, Aingeru Epaltzarekin batera, San Fermin Ikastola (1996) liburua.

 Zeruko Argia aldizkariaren Bizkaiko ordezkaria izan zen eta beste aldizkari hauetan ere idatzi zuen: Anaitasuna, Txistulari eta Guerediaga. Halaber, haurrentzako hainbat film euskarara bikoizten aritu zen.

 Euskaltzain urgazle zen 1977tik, eta ohorezko euskaltzain izendatu zuten 1998 urtean. 2003an Eusko Ikaskuntzaren “Manuel Lekuona” saria irabazi zuen.

 Iruñean hil zen 2007ko urriaren 23an.

 

Antton Ugarte