Jose Maria Portell Manso Barakaldon jaio zen 1933ko abenduaren 7an. Merkataritza eta Kazetaritza ikasketak egin zituen eta, 1960tik aurrera, kazetari gisa egin zuen lan. 1978ko ekainaren 28an hil zen, ETAren atentatu baten biktima.

Kazetari, Hierro egunkarian hasi zen baina, tarte labur baten ondoren, La Gaceta del Norten sartu zen. Garai hartako Bilboko egunkaririk garrantzitsuenean lokal ataleko erredaktore-buru izatera iritsi zen. Lekuan lekuko gaiak jorratu zituen eta horietan, behin baino gehiagotan, sektore ahaltsuenen interesak babestu barik, bestelako jarrerei eta iritziei eman zien ahotsa: kutsadura kontuak, hirigintza… Horrela itzal handia irabazi zuen kazetarien eta prentsa irakurleen artean, baina baita eliteen sektore batzuen ezinikusia ere.

Urteak aurrera egin ahala, gero eta ardura gehiago eman zizkioten. La Gaceta del Norten egiten zuen lanaz gain, agentzia (AP) eta kanpoko egunkari batzuentzat (Abc, La Vanguardia) idatzi zuen. Azkenik, 1978ko urtarrilean La Hoja del Luneseko zuzendari izendatu zuten.  

1970ean Burgosko auzia segitu zuen. Orduan hasi zen ETAren inguruko albisteak lantzen eta idazten. Hurrengo urteetan buru belarri sartu zen gai horretan eta hamaika informazio kaleratu ez ezik, liburu bi idatzi zituen: Los hombres de ETA (1974) eta Euskadi: amnistía arrancada (1978).

Garai hartako lekukotzen arabera, bitartekari jardun zuen bahiketa batean (Jose Luis Arrasate, 1976). Portellek berak idatzi zuen kazetaritzaren muga gainditu eta bitartekari lanetan sartua zela. 1977-78an Espainiako Gobernuak ETArekin harremanetan jarri nahi izan zuen eta zeregin horretan Jose Maria Portell ipini zuen. Juan Jose Etxabe errefuxiatuarekin egin zuen kontaktua. Hasieran Portell ontzat eman bazuen ere, geroago ETA ez zen berarekin fidatu. 1978ko ekainaren 28an tiroz hil zuen, Portugaleteko bere etxetik irtetean.

Portellen aurkako atentatuak sakon astindu zuen euskal gizartea. ETAk hil zuen lehenengo kazetaria izan zen. Bilboko prentsak erantzun bateratua eman zuen. Biharamunean egunkari bakarra kaleratu zuen, La Hoja del Luneseko edizio berezia, eta hurrengo egunean ez zen egunkaririk argitaratu.


Hektor Ortega