Jose Maria Sanchez Carrion “Txepetx” 1952ko abuztuaren 1ean jaio zen Cartagenan. Batxilergoa Ceutan egin ondoren, filosofia eta letren ikasketak hasi zituen 1969an Granadako Unibertsitatean.

 Francoren diktaduran, Nafarroako euskararen egoera aztertu zuen liburu batean, Antonio Llorente katedradunaren eta Foru Diputazioaren babesarekin: El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra (1970) (1972). 

 Ondoren Salamancako Unibertsitatean filologia ikasi zuen, Koldo Mitxelena irakasle zuela. Larri gaixotutako ama zaintzen bi urtez Granadan egon ondoren, 1976an Nafarroako Foru Diputaziotik deitu zuten Malerrekako Saldiasen eskolak eman zitzan.

 Euskal Herriko Unibertsitatearen elebitasun jardunaldietan (1979) parte hartu eta katedra lortu zuen Arrasateko Institutuan. Garai horretan soziolingusitikazko beste bi liburu argitaratu zituen: Lengua y pueblo (1980) eta El espacio bilingüe (1981).

 Euskadiko Autonomia Estatutua onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide eta euskaltzain urgazle izendatu zuten 1983an. Hala ere, EAJ zatitzean, Euskararen Aholku Batzordetik kanporatu zuten.

 Ondoren Londresa jo zuen hizkuntzaren soziologiaz doktoregoa burutzera. Koldo Mitxelenak zuzendu zuen eragin handiko tesia: Un futuro para nuestro pasado (1987). Oso makalduta, Kanarietan egon zen aldi batez, baina gero Donostiako Siadeco taldetik deitu zuten lan egitera.

 Jose Maria Gorordo alkate zuen Bilboko Udalaren aginduz, Siadeco-k eta Sanchez Carrionek hiriburuaren azterketa soziolinguistikoa burutu zuten: Euskara Bilbon (1991).

 Ondoren Bilboko Gabriel Aresti Euskaltegiarekin elkarlanean, Zenbat Gara Elkartea eta Bilboko Kafe Antzokia (1995) sortu zituzten, hiriburuko euskaldun komunitatea trinkotzeko asmoarekin.

 Dinamika horren barruan, Zenbat Gara (1998-2001) aldizkaria eta Sanchez Carrionen Aplicación sociolingüística de la territorialidad (1999) liburua argitaratu ziren. Hala ere, desadostasunak medio, bi urteren buruan utzi egin zuen Zenbat Gara Elkarteko aholkulari postua.

 2007an Indian izan zen eta 2011n Coruñako Unibertsitatean hitzaldia eman zuen. Hainbat herrialdetako lagunekin aritu da lankidetzan azken urteetan: Iñaki Larrañaga, Alain Masson, Nidia Arrobo edota Kolonbiako indigenak..

 

Antton Ugarte