Jacinto Mikelarena bilbotarra erdaraz idatzi zuen kazetaria eta idazlea izan zen. Kirol kazetaritza profesionalaren aitzindaria, kronika eta bidaia liburuak argitaratu zituen, baita nobela bat ere. Falange Españolako intelektualen artean nabarmendu zen.  

Bilbon jaio zen Mikelarena 1891ko urtarrilaren 11n, familia burges batean. Eskolapioetan ikasi eta bertan hasi zen futbolean. Orduko zaletasuna ez zuen inoiz galdu, baina jokatzetik kontatzera pasatu zen. 1922an El Norte Deportivo aldizkaria sortu zuen Bilbon. Ondoren etorri zen Sportsman, ildo beretik, biak ala biak kirol kontuei bakarrik emanda. Astekari haiek laster desagertu ziren baina hirugarren ahaleginean askoz emaitza oparoagoa erdietsi zuen Mikelarenak. Izan ere, 1924an Excelsior jaio zen, Euskal Herriko lehenengo kirol egunkaria. Enpresari talde baten babesaz, Mikelarena zuzendari aritu zen. Esperimentuak arrakasta eduki zuen eta 20.000 aleko botaldiak egiten zituen.

Mikelarenak literatur mailara igo zituen kirol kronikak. 1928an Excelsius utzi eta, El Pueblo Vasco egunkarian tarte bat egin ondoren, Madrilera jo zuen. Han Abc egunkarian egin zuen behar eta Campeón kirol aldizkaria sortu eta zuzendu zuen.

Excelsior uzteko arrazoietako batzuk politikoak ziren. Mikelarena eskuindar eta espainolista sutsua zen eta kirol egunkariaren jabetzak, ostera, joera abertzalea zuen. Bilbon Lion D’Or tabernako tertulia kontserbadorean solaskide izaten zen eta talde hartako beste asko bezala (Sanchez Mazas, Mourlane Mitxelena…) Falangera batu zen.

1936ko gerra hasi zenean Madrilen zegoenez, Argentinako enbaxadan babestu zen. Handik irtetea lortu zuenean Sevillako Abcrako idatzi zuen eta Radio Nacionaleko lehen zuzendaria izan zen. Bigarren Mundu Gerran korrespontsal ibili zen Berlinen eta Sobiet Batasunean (alemaniarrekin). Gerra ostean korrespontsal jarraitu zuen Buenos Airesen, Londresen eta Parisen. Azken hiri horretan zegoela, bere buruaz beste egin zuen 1962ko abuztuaren 10ean.

Idazkera dotorea zuen, bikaina, eta umorea jorratzen ere abila zen Mikelarena. Liburu asko plazaratu zituen, hala bidaia kronikak (El gusto de Holanda, Pero ellos no tienen bananas) nola kirol gaiak (Stadium) edo nobela bat (Don Adolfo. El Libertino), beti umorez eta ironiaz zipriztindurik.

Hektor Ortega