Juanita Mir emakume aitzindaria, idazle, kazetari eta antzerkilari (aktore nahiz zuzendari)  aritu zen Bilbon 1920 eta 1930ko hamarkadetan. Gaztelaniaz idatzi zuen. Frankistek fusilatu zuten 1937ko abuztuan.

Victoria Garcia Lakarra eta Octaviano Mir Mataren alaba zen. Aita kazetaria zen eta lehenengo jaioterrian, Nafarroan, lan egin zuen, Iruñeko El Eco de Navarran, baina gero Madril, Santander, Bilbo, Burgos eta Cadiztik igaro zen, andre eta seme-alabekin, hiri horietako hedabidetan behar egiteko, Bilbon behin betiko finkatu zen arte. 1911 eta 1921 bitartean Bilboko El Pueblo Vasco egunkariko erredakzioan aritu zen. Urte hartan hil zen.

1898an familia Bilbon zegoen, aitak sasoi hartan El Vizcaino eta El Correo Vasco egunkarietan egin zuen lan. Urte hartan Juanita eta Genara ahizpei Joaquin neba jaio berria batu zitzaien. 

1923an argitaratu zituen Juanita Mirrek bere lehenengo lanak. Literatur ipuin laburrak ziren, euskal gaiak sarritan, modu kostunbristan jorratuak: Axun (1923), Jaun Miguel (1925) eta Abendaño-Baldabazayta ¿leyenda?¿historia? (1928) Donostiako Euskalerriaren Alde aldizkarian plazaratu zituen. Bilboko El Nerviónen eta Galiziako El Orzánen ere agertu ziren haren ipuinak (1924), baita El Heraldo de Madriden (1928) edo Bilboko La Tarden (1929) ere, besteak beste.

Hamarkadaren amaieran antzezpenak egiten zituen. Aktore jardun zuen 1934 eta 1935 bitartean Bilboko Casa Palentinako antzerki taldean.

1929tik aurrera Bilboko La Tarde egunkarian ipuinak ez ezik, artikulu laburrak ere plazaratu zituen. Estilo dotoreaz idatzi zuen Juanita Mirrek garaian garaiko gai sozialen gainean. Testu haiek lehen orrialdean argitaratu zituzten.

1936ko gerra piztu zenean La Tardeko kolaborazioekin jarraitu zuen, baina idazgai, ezin bestela izan, gatazka latz hura eduki zuen. Haren jarrera katolikotik, erlijioaren izenean altxatutako matxinoak salatu zituen. Egunkariko lehen orrialdetik egin zuen, argi eta garbi sinaturik: Juanita Mir. 1937ko maiatzera arte agertu ziren artikulu haiek.

1937ko ekainaren 19an frankistak Bilbon sartu ziren. Hurrengo egunetan Juanita Mir atxilotu zuten. Uztailaren 20ko gerra kontseiluak heriotza zigorra ezarri zion “matxinadara batu izana” leporatuta. Abuztuaren 5ean fusilatu zuten Larrinagako espetxean.

Hektor Ortega