Bilbo izan zen Euskal Herrian mendizaletasuna hauspotu zuen lehenengo gunea, batez ere Antxon Bandres eta Club Deportivoren ekimenez. Bada, Bilboko mendizaletasunaren habia Pagasarri mendia izan zen. Hori XX. mendearen hasieran gertatu zen eta okerrik esateko beldur barik berdin balio du XXI. mendearen hasiera honetarako.

Bilbo mendiz inguratuta egon arren, muino apalak besterik ez dira Pagasarri (671 m) eta haren ingurukoetara iritsi arte. Beharbada horregatik, mendizaletasuna hasieratik bertatik atxiki zitzaion tontor horri eta bilbotar zaletuen kutuna bilakatu zen. 1911 baino lehen Bilboko lehenengo kirol elkarteek (Federación Atlética Vizcaina, adibidez) Pagasarrirako txangoak antolatu zituzten. Antxon Bandresek sport berria sustatu gura izan zuenean, Pagasarriko Kopa asmatu zuen. 1912 eta 1914 bitartean egin zuen eta lasterketa zen: hiru-lau laguneko taldeen arteko lasterketa. Lehenengo edizioan mila lagun batu ziren tontorrean, abendua izan arren. 1914koan bi mila izan ziren. 

Club Deportivoren ideia bat aintzat hartuta, 1915ean Bilboko Udalak estalpea egokitu zuen Pagasarriko gailurrean, mendizaleen babeserako. Eskariei erantzunez, lau urte geroago, 1919ko azaroaren 16an, aterpetxe-ostatua ireki zuten hantxe bertan. Ekitaldira azaldu ziren zaletuek, Antxon Bandres buru zutela, buzoia paratu zuten tontorrean.

Mendizale haiek Pagasarrirako bidea hobetzeko ere eskatu zioten Udalari. Baina gauza asko eurek egin zituzten: iturriak eta askak atondu (Udoiko iturria konpondu ez ezik, izena aldatu zioten: Fuente del Tarín), magal gehienak soilduta zeuden sasoi hartan zuhaitzak landatu…

Club Deportivo elkarterik indartsuena izan arren, ez zen bakarra. Sasoi hartan mendi talde gehiago jaio zen, batzuk ibilbide laburrekoak (1926an Udoiko iturrian dutxatzeko kabinak ipintzeko eskatu zuen Grupo Pagasarri, esate baterako) eta beste batzuk luze eta emankorrekoak. Azken horietakoa dugu Bilbao Alpino taldea, 1924an sortua domekero Pagasarrira igotzen ziren lagun batzuen artean. Berehala hartu zuten lehenengo erabakia: egun haietan bertan eratu zen Euskal Mendizaleen Federazioan izena ematea. Harrez gero Bilbao Alpinok 90 urtetik gorako ibilbidea urratu du. Klub horretan aritu zen Andres Espinosa zornotzarra, euskal mendizale handienetako bat, baita Raimunda Royo ere, ehun mendien txapelketa osatu zuen lehenengo emakumea (1930).

Raimunda Royoren balentria hark (Euskal Herriko ehun mendi igotzea) egundoko meritua eduki zuen. Baina, bestaldetik, errealitate baten isla ere bazen: hasiera-hasieratik emakumeek mendizaleen kirol berri hartan parte hartu zuten. Bazeuden Pagasarriko Kopa haietan eta oso ohikoa zen garai hartan andreak mendi horretako tontorrean ikustea.

Orduan erein zuten haziak fruitu joriak eman zituen. Harrez gero mendizaletasuna bilbotar askoren gustuko jarduera izan da eta horiek denek Pagasarri eduki dute eskola. Mendi horretara igotzea zaletu askoren plana izaten da astebururo. Aterpetxe-ostatua han dago, oraindik ere, garai berrietara egokitua. Afizio berriak –eskalada, espeleologia, BTT…- magal horietan trebatu dira. Lasterketak eta mendi martxak ere sarri egin dira bertako aldatsetatik gora eta behera. Azken urteetan bide eta ibilbide asko seinaleztatu dira inguruetan mendizaleen irteerak errazteko. Jendetza batu ohi du 1990. urtetik hona kutxa baten babesaz urtero egiten den Pagasarrirako ibilaldiak. Eta mendizale guzti horiek Pagasarri maitatzen eta zaintzen segitu dute, Udoiko iturriarekin 2004an egin zuten bezala: lursaila erosi eta bertoko zuhaitzak landatu zituzten. 

Hektor Ortega