Manuel Robles Aranguiz Bilbon jaio zen 1893ko abuztuaren 26an. Bere ama Lekeitiokoa zen, Eugenia Robles Aranguiz. Oso txikitatik lan egin behar izan zuen, artzain moduan lehenengo eta gero Bilbon, bere izeba lisatzaile lanetan laguntzen. Tipografo ikasketak egin zituen eta bere ogibidea izan zen politikagatik utzi zuen arte. 1923an Luisa Bernaolarekin ezkondu zen eta 11 seme alba izan zituzten.

Gaztetatik euskal abertzaletasunaren baitan ibili zen. Bai politika eta baita sindikalismoan ere. 1908. urtean, soilik 15 urte zituelarik, EAJ-n sartu zen. Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) eko erakuntzan parte hartu zuen, gero 1933an, Eusko Langileen Alkartasuna izango zena (ELA-STV). 1916an Euzkadi aldizkariko tipografoak egin zuten greba batean hartu zuen parte.

Euskal nazionalismoaren barruan independentziaren aldekoa eta erradikala izateagatik zen ezaguna. Aberrianoen aldekoa zen eta beraz Comunión Nacionalista Vasca-ren kontrakoa.

Primo de Riveraren diktaduran erbesteratu behar izan zen. 1924an atxilotu eta kartzelaratua izan ondoren eta 5.000 pta-ko fidantza ordainduta, Argentinara joatea erabaki zuen. La razón egunkarian aurkitu zuen lana tipografo moduan. Gero Tarbesera (Frantzian) joan zen eta Le Semeur egunkarian egin zuen lan. 1927an Bilbora itzultzeko aukera izan zuen. Mundu sindikalean ezaguna izanagatik, EAJ-k Errepublikako Gorteetako hiru hauteskundeetarako proposatu zuen hautagai moduan eta hiru alditan izan zen hautatua.

Gerra Zibila hasi zenean Frantziara alde egin zuen, erakundearen dokumentu guztiak eraman zituen, leku seguru batean gordetzearren. Handik aurrera, partiduaren baitan ezberdintasunak eta gatazkak hasi ziren.

1937an Beskoitzeko (Lapurdin) Leku Eder baserrira joan zen bizitzera. II. Mundu Gerran erresistentzia frantsesarekin aritu zen. 1944. urtea inguru EAJ-n oso baztertua zegoen. Sindikatuaren dirua erabiltzea leporatzen zioten batzuk. José Antonio Aguirreren buruzagitza kritikatzen zuen. Sindikatua antolatzearen beharra ikusita, 1945eko uztailaren 15ean bilera bat prestatu zuen Baionan. Hainbat bilera egin eta gero, berriz ere, ELA-ko kontrola eskuratu zuen. 1951an muga pasa zuen eta 1953an urte betez atxilotu zuten, 1959an berriro atxilotu zuten eta honen ondoren berriz ere Baskoitzen erbesteratzea erabaki zuen. Franco hil ondoren ELA berriztatu egin zen eta Aranguiz berriz ere presidente aukeratu zuten, bere kargua sinbolikoa zen, izan ere 50 urte inguru aritu zen presidente moduan, 1933tik 1982an zendu zen arte.

 

Izaro Arbilla