Ignacio Urkixo Olano 1907ko otsailaren 26an jaio zen Begoñan, eragin handiko bizkaitar familia aberats batean. Aitak, Jose Maria Ukixo Ibarra, La Gaceta del Norte (1901) egunkari katolikoa sortu zuen. Halaber, Espainiako Diputatuen Kongresuko kide izan zen Bigarren Errepublikan, Lizarrako Estatutuaren alde eginez.

 Ignacio Urkixo Olanok batxilergoa Lekarozko kaputxinoekin egin zuen eta zuzenbide ikasketak Deustuko Unibertsitatean burutu zituen. Jesuita izateari uko egin ondoren, Bartzelonako Banco de Bilbao-n egin zuen lan eta Frantzian nahiz Ingalaterran ikasketak jarraitu zituen.

 Espainiako Gerra Zibilean aita hil egin zuten Donostian ezkerreko miliziek eta Ignacio Urkixo semea, artean karlismoaren hurbilekoa, militar kolpezaleekin batera sartu zen Bilbon 1937an.

 Francoren diktaduran, Hispaniar Kulturaren Euskal Institutua sortu zuen 1942an, eta lehendabiziko burua izan ondoren, 1959an ohorezko kide izendatu zuten.

 Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kide izan zen 1943tik, Julio Urkixo Ibarra osaba buru zela. Ignacio Urkixo elkartearen buru izendatuko zuten 1957-1959 artean eta sarri idatzi zuen elkartearen buletinean. Juan Ramon Urkixo Olano anaia ere, elkartearen buru izango zen 1975-1977 artean.

 Halaber, Bizkaiko Probintzia Diputazioaren Kultura Batzordeko kide eta buruorde (1959) izan zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957an eta Espainiako Historia Akademiaren kide laguntzaile 1959an.

 Bilboko Ateneo Berriaren buru (1957) eta Sociedad Bilbaina-ren bibliotekari (1951-1959) eta euskal liburutegiaren (1955) sortzaile izan zen.

 1958-1970 artean Espainiako enbaxadore izan zen Ekuadorren, Fernando Maria Castiella Kanpo Arazoetako ministro frankistak izendatuta. Besteak beste, Espainia-Ekuador arteko herritartasun bikoitzaren hitzarmena (1964) sinatu zuen. Kargua uztear zegoenean, bahiketa mehatxua jaso zuen 1970ean Guayaquil-en.

 Hainbat sari eta ohore jaso zituen: Conde Pontificio de Urquijo, Conde de Ospín de Urquijo, Maltako Ordenaren zaldun, Espainiako Merezimendu Zibilaren nahiz Elisabet Katolikoaren Ordenako kide, eta Ekuadorko Hizkuntza Akademiaren ohorezko kide nahiz Merezimendu Handiko Quitoar.

 Markina-Xemeinen hil zen 2002ko urtarrilaren 16an.

Antton Ugarte