Cirilo Arzubiaga Etxebarria 1874ko ekainaren 22an jaio zen Otxandion. Eliz ikasketak Zornotzan eta Gasteizko apaizgaitegian egin zituen. Resurreccion Maria Azkueren Bilboko Euskalzale (1897-1899) aldizkarian hasi zen idazten.

 1899an apaiztu ondoren, Karrantzako San Esteban auzoan bi urtez erretore lana egin zuen eta Orozkon beste bi urtez. 1903an Zornotzara aldatu zen, eta 1937 arte egongo zen bertan. Euskal Herriko Txistulari Elkarteko kide izan zen 1928-1936 artean.

 Zornotzan 1912an sortu zuten Jaungoiko Zale Bazkuna, Arzubiaga zela erlijio elkartearen idazkari eta arduradun nagusia. Elkarlanean aritu zen hurrengo apaiz euskaltzaleekin: Gabirel Manterola, Juan Bautista Eguzkitza edota Jon Gurutz Ibargutxi.

 Urte berean ekin zioten Jaungoiko-Zale euskara hutsezko aldizkaria argitaratzeari, Arzubiagaren zuzendaritzapean. 1917tik inprimategia izan zuten Zornotzan eta Bizkaian erabiltzen ziren dotrina kristauak bateratu zituzten, Prudencio Melo apezpikuaren baimenarekin.

 1919an, Jaungoiko-Zaleren eta Jesus'en Biotzaren Deyaren ordezkari gisa Eusko Ikaskuntzak deituta, hamabi kideko Euskaltzaindia izendatzeko bozketan parte hartu zuen Donostian, beste hainbat aldizkaritako zuzendariekin batera.

 Bazkunak gora egin zuen Espainiako Bigarren Errepublikara arte. 1931 urtean 937 bazkide zituen, gehienak bizkaitarrak (736) eta elizgizonak (384). Goraldi horretan sortu zen Ekin (1932-1936) astekaria ere.

 Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzak sortutako Eguna (1937) egunkarian idatzi zuen. Militar kolpezaleak Bilbo okupatzerar zeudenean, Ingalaterrara erbesteratu zen, Jaurlaritzaren Southamptongo haur kolonia katolikora. Beste euskal apaiz abertzale batzuekin Parisko Anaiak (1939) aldizkarian idatzi zuen. Erbestetik Bilbora itzulita, Begoñako klaratar mojen kapilau izan zen.

 Francoren diktaduran, aspaldi prestauta zeuden hainbat erlijio liburu plazaratu zituen bizkaieraz Bilboko argitaletxean: Jon Gurutz Ibargutxiren liburuak (1953-1959), Prantzisko Baltzolaren Argi Donea (1954) edota Bilbo-Elizbarrutirako kristiñau-ikasbidea (1957).

 1960an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1966ko uztailaren 14an hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte