Bilboko Berreginen Museoa 1927an eratu zen.  Izenak berak iradokitzen duen legez bertan kultura klasikoetako artelan berreginak erakusten dira.

Museoa, hasieran, eta 1957tik aurrera ere, Berastegiko eskoletako behe solairuetan egon zen. Ondoren Mirasol Kondea Kalera aldatu zen eta azkenik San Frantzisko kaleko 14an dagoen Mariaren Bihotza Elizara eraman da. Museoaren administrazio eta didaktika egoitza, berriz, Mirasol Kondea kaleko 2 zenbakian dago.

Museoaren abiaburua obra klasikoak kopiatzeko ohitura zaharretik dator. Obra klasikoak kopiatzearena jarduera arrunt bilakatu zen XVI. mendeaz geroztik. Nolanahi ere 1857koa dugu berregin artistikoen lehenengo museoa, Erresuma Batuan. Bigarren Mundu Gerran suntsitu ziren artelan asko, gaur egun, museoetan ziren haien kopiei esker ezagutu ahal ditugu. Garrantzizkoenak, Europan, Berlingo Pergamonmuseum (Pergamoko Museoa), Pariseko Trocaderon dagoen Musée des Monuments Français (Frantziako Monumentuen Museoa) eta Victoria and Albert Museum (Viktoria eta Alberto Museoa) dira.

Berreginen Museoko bildumak, Arte Klasikoaren eremuan koka daitekeena bera, lanen zehaztasuna du ezaugarri nagusi, berreginak originaletan oinarrituz sortuak izan direlako. Lehenik eta behin Bilboko Arte Ederretako Museotik bertatik kopiatuak daude, eta gero, esaterako, badira Berlin, Munich, Louvre edota Vatikano museoetatik ekarriak.

Artelan berreginak hamazortzi ataletan sailkaturik daude. Guztiak ez dira ikusgai jarri, asko dira eta. Ikusgai daude, besteak beste, Afrodita eta Dione, Borghesen Gladiadorea, Borrokalariak, Lakoonte eta bere semeak, Mediciko Lorentzo, Moises, Olinpiako Hermes, Samotraziako Garaipena, Sileno eta Dionisos, Venus Esquilinokoa eta Zeusen aldarea.

Beste edozein museotan bezala Berreginen Museoan aldi baterako erakusketak paratzen dira. Haatik, Berregin Museoak didaktikaren arloko jarduerak ditu bereizgarri nagusietakoa.  Batez ere Arte Ederretako ikasleei lan aipagarrienak erakusteko helburuarekin eratu ohi direnak. Bestalde, huts-hutsik artistikoak diren jardueren artean bisitaldi gidatuak, artelanak beren bere testuinguruetan ulertarazten digutenak, umeekin artea lantzeko jolasak eta beste batzuk ere aipa litezke.

Musika-kontzertuak, moda desfileak eta beste ekitaldi batzuk ere egiten dira Berreginen Museoan, barruko giroa hain baita berezia.

Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dira Bilboko Berreginen Museoaren babesleak

Edorta Jimenez