Adolfo Gabriel Urquijo Ybarra Bilbon jaio zen 1866ko uztailaren 27an. Nicasio Adolfo Urquijo Goicoechea eta María del Rosario Ybarra Arámbarriren semea izan zen. Adolofo Gabriel Urquijo María Martínez de las Rivas Tracyrekin ezkondu zen.

Liberal dinastikoa izan zen, kontserbadorea, katolikoa eta foralista sutsua. Hala ere, monarkiarekin erlazio berezia zuen, Alfonso XIII.aren laguna baitzen. Hasieran, politikan bere aldetik aritu zen, partidu zehatz batean sartu gabe, baina 1914an Partidu Mauristan sartu zen. Liga Vizcaina de Productores-eko kide izan zen, Unión Liberaleko kide ere eta 1919an Liga de Acción Monárquica-n sartu zen.

Oso hezkuntza ona jaso zuen eta kultura handikoa izan zen. 1888an Zuzenbide ikasketak bukatu zituen eta Historia Akademiako urgazle izan zen. Euskal Herriarekin loturiko historia ikasketak maite zituen eta bereziki ikasketa genealogikoak.

Intelektual moduan egindako lanaren ondorioz, erudizio handiko lau lan publikatu zituen. Miqueletes, Forales y Miñones del M.N y M.L Señorío de Vizcaya izan zen egin zuen lehenengo lana, 1907an argitaratua. Baina idatzi zuen azkena izan zen anbizio handienekoa. Casas y linajes de Echave y de Laurcain izenburuarekin, bi liburu izan ziren 1928 eta 1932. urtean ateratakoak. Lan honen asmoa, bere laguna izan zen José Antonio Oruetaren familiaren ikasketa genealogiko bat egitea zen.

Adolfo Gabriel de Urquikok hainbat ogasun higiezinen jabe zen ere. Munibe izeneko jauregi bat zuen Markinan, leku berean harrobi eta lursailak zituen Lartaco-cantería izenarekin ezagunak. Gainera Banco de Bilbao-n zor amortizagarrian 500.000 pta zituen.

Bere bizitza politikoa, Gorteetako hauteskundeetan, Barakaldon aurkeztu zenean hasi zen, 1896. urtean. Urquijo kandidatura kontserbadorearen baitan aurkeztu zen. Bi urte geroago, berriz ere aurkeztu zen Unión Liberalaren barnean, bere osaba Ramón Ibarra Arreguiren aurka eta azken honek irabazi zuen katoliko independenteen izenean.

1905ean Bizkaiko Aldundiko hauteskundeetara aurkeztu zen, Benigno Chávarrik eskatua. Kontzertu Ekonomikoaren berrikuntza gertu zegoen eta Aldundian pisuko pertsonak sartzea beharrezkoa zen. Balmasedatik aurkeztu zen Urquijo, chavarristen feudoa. Aukeratua izan zen, baina irregulartasun handiko hauteskundeak izan ziren. Probintziako ahuldun eta gero Aldundiko presidente aukeratu zuten. 1910ean Gipuzkoako Senatari izan zen, baina oso partaidetza gutxi izan zuen Senatuan eta 1913an utzi zuen kargua. 1933ko apirilaren 3an zendu zen Donostian.

Izaro Arbilla