Berrizko San Bartolome komentua eta ermita izan zen, Elorriaga edo Banderas mendiko tontorretik hurrean. XIV. mendean fundatu zuten eta XIX. mendeko lehenengo karlistadan galdu zen. Ermita San Bartolome eta San Antolin santuei eskainita egon zen.
XIV. mendeko bigarren erdialdean sortu zuten Berrizko bizkarraren gainean agustindarren bakartegia. Fraide batzuk bertan paratu ziren bizitzen. Labayruk idatzi zuenez, XV. mendearen lehenengo erdialdean, hura elizgizon komunitate indartsua zela, behartu egin zuten lege kanonikoen arabera eratzeko, aita santuari baimena eskatuta. 1407an Benedikto XIIIak agindua eman zion Segoviako gotzainari ikertzeko ea egia zen egin zioten eskaria Deustuan, Berrizko San Bartolomen zehazkiago, etxe berria egiteko, elizarekin, kanposantuarekin, kanpandorrearekin eta gainerako osagaiekin, eta egia izatekotan, haren partez baimena emateko. Egia izan zen, zeren agustindarrek lizentzia hartu baitzuten komentua eta eliza eraikitzeko (1409). 1429an mailaz igo zuten: bakartegia agustindar komentua bilakatu zen. Garai hartan Berrizko San Bartolomek ospe handia eskuratu zuen, edo behintzat hori pentsa liteke ikusita bertako fraideen burua behin baino gehiagotan izendatu zutela epaile auzi batzuetan. Berrizko frai Pedro de Cerecedak, bandokideen gerra gori-gorian zegoela, menia lortu zuen Bilboko Udalaren eta leinu gerlarien artean (1439). Itzalaz gain, arerioak ere egin zituzten, jakina, Bilboko elizetako abadeek eskaria aurkeztu baitzuten Berrizko fraideek Bilbon limosnarik ez batzeko. Beste bizibiderik ez zeukaten eta, Bilboko Udalak baimena eman zien, adibidez, 1505ean.
1515ean, ostera, Berrizko fraideek Bilbora hurreratu nahi izan zuten: Ortuño Goiriren Uribarriko mahasti arloa erosi eta berehala ekin zioten bertan komentu berria eraikitzeari. Laster zeuden han (1518an amaituta zegoen), Berrizko bakardadeak ahazturik eta Bilbo ondoan. San Agustin komentu hura gaur egun Bilboko Udaletxea dagoen orubean bertan egin zuten eta bertan iraun zuen lehenengo karlistadan galdu zen arte.
Bilbo ondora aldatu zirenetik, Berrizkoa ermita gisa gelditu zen. Fraideek eutsi egin zioten ermitaren eta ondoan atondu zuten etxearen jabetzari. Ermitak itzal handia eduki zuen Aro Modernoan Deustuan eta albo-herrietan. San Bartolome egunean (abuztuak 24) meza eta erromeria jendetsua egiten zen Berrizko landan. XVII. mendetik aurrera Bilbok egun horretan finkatu zuen Deustura egiten zituen jurisdikzio bisitarik garrantzitsuena. Bilboko alkatearen segizioak alderik alde zeharkatzen zuen herria, tabernetako eta errotetako pisuak arakatzen eta ermitan meza lekurik onenean entzun ondoren, zelaiko txosnak ikuskatzen zituen bazkaltzera joan aurretik.
Garai hartan ermitak freila edo serora zeukan, eliza ondoko etxetxoan bizi eta zaindari lanak egiten zituen emakumea alegia. 1671n, esate baterako, Madalena Iturriaga zegoen. Deustuan beste ermita bi egon zen eta horiek ere serora bana eduki zuten gutxienez XVIII. mendera arte: Luzarrako San Silbestre eta Ibarrako San Bizente.
Berrizko San Bartolome izateagatik, ermita horretan beste santu bat gurtu zuten, gogotik gurtu ere: San Antolin. Hain izan zen horrela ezen Berrizko San Antolin ere esan izan ziotela gutxienez XVII. mendetik aurrera. Beharbada bigarren santuak kutsu herrikoiagoa eduki zuen, San Bartolome ofizialaren aurrean. San Bartolome egunean agustindarrak eta Bilboko Udala agintari azaltzen ziren bezala, hamabi egun geroago, San Antolin egunean (irailak 2) Deustuko eta Sondikako fielak izaten ziren Berrizko landako erromerian buruak.
Eta haiek ez ziren edozelango erromeriak. San Antolin egunekoak itzelak izaten ziren. Korrejidoreak berak debekatzeko lain. 1780an agindu zehatza eman zuen kalte moralak eta ordena publikoa argudiatuta. San Antolin eguneko erromeria urte gutxi batzuetan galarazi bazuen ere, laster bueltatu zen bere onera. Ez zen Korrejidorea erromeria betiko zapuztuko zutena. Etsai gogorragoa agertu zen: lehenengo karlistada. 1833-1839ko gerra hartan, gehienbat Bilboko setioetan eta, batez ere, Lutxanako guduan (1836ko abenduak 24) Berrizko eraikinak lehenengo lerroan suertatu ziren eta, ondorioz, haietako asko birrinduta gelditu ziren. Haien artean, San Bartolome baseliza. Zeharo txikituta gelditu zen. Hala ere, erromeriak iraun egin zuen, urte batzuetan, baina antzik ere ez lehengoekin.
Baselizaren irudi gutxi gorde dira, eta gehienak xehetasun gutxikoak. Badakigu ermitako horma baten buru Bilboko armarria zegoena, beharbada Bilboko Udalak 1665ean San Agustin komentua bere babespean jarri izanaren ondorioz. 1734an baseliza zaharberritzeko hargintza lanak egin zituzten. Ermita egon zen lekuaren inguruan gaur egun Berrizko Aize Onak baserria dago.
Hektor Ortega