Juan Antonio Careaga Bilbon jaio zen 1904ko irailaren 28an. Bere gurasoak José Careaga Amézaga, Bilboko merkataria eta Nicolasa Andueza izan ziren, Iruñeakoa. Zuzenbidea ikasi zuen eta Ekonomia ikasketak ere egin zituen, gero, Deustun, merkataritza zuzenbideko irakasle izan zen. 1931ko uztailean Matilde Zarauz Ugalderekin ezkondu zen, baina oso goiz zendu zen eta beraz, Juan Antonio oso goiz alargundu zen.

18 urte zituela EAJ-ko alderdikide egin zen. 30. hamarkadan Deustuko EAJ-ko Udal Batzordean zegoen eta bertan 1933ko hauteskundeetan diputatu izateko hautagai proposatu zuten. Jagi-Jagi aldizkarian parte hartu zuen. Auzitegi Nagusian bitan erantzun behar izan zuen, inprenta delituengatik eta 1935ean Telesforo Monzónekin batera auziperatu zuten, ezkutuan armak sartzea leporatuta. Sindikalismoan ere ibili zen, STV-ren baitan. Donostian bizi izan zen ereAtegorrieta kalean, Kareagaenean.

1936ko militarren golpean, hasiera batean bere laguna zen Irujo kritikatu zuen Errepublikaren alde jartzeagatik EAJ-ren zuzendaritzari galdetu gabe. Ondoren Telesforo Monzón ordezkatu zuen Gipuzkoako Defentsarako Biltzarreko Ordena Publikoko komisario moduan. Baina kargua laster utzi zuen. Loiolan Euzko Gudarostea milizia nazionalistarekin aritu zen. Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Justizia zuzendaria izendatu zuten Justizia eta Kultura Kontseiluan 1936. urtean. Jesús María Leizaolak.

Bilbo frankisten esku erori zenean, Careaga Euskal Iparraldean erbesteratu zen, Biarritzen. Baina lanik gabe zegoen han eta ondorioz Manuel Irujo eta Jesús María Leizaoari idatzi zien karguren bat eman ziezaioten. Handik gutxira, Liverpoolen (Ingalaterran) Errepublikako kontsul izendatu zuten .Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean Biarritzera joan zen eta bertan partiduarekin jarraitu zuen. 1948an Biarritzeko Udal Biltzarreko presidente izan zen. Abokatu moduan lan egin zuen eta Asociación Internacional de Jurístas Demócratas-eko kide izan zen. Europa liburutegian aritu zen bere arrebarekin eta zendu zen arte erbestearen inguruko debate eta bileretan hartu zuen parte. 1964ko martxoan hil zen Biarritzen.

Izaro Arbilla