Deustuko elizate zaharreko industria jardueren artean ontzigintza izan zen denbora gehien iraun eta tamaina handien hartu zuena. XVI. mendean eduki zuen urrezko aroa baina hala XVII. mendean bertan nola, berriz ere XIX. mendearen erdialdean susperraldi emankorrak eduki zituen. Une batez munduko ontzirik aurreratuenak Deustuan egin ziren.

Ez dago dudarik Behe Erdi Arotik aurrera, gutxienez, Bilbok eta Ibaizabaleko itsasadarreko herriek itsasoarekin garatu zuten lotura estuaz. Portua zen bokale luze hura eta, harekin batera, ontziak egiteko lekua ere. Deustuari dagokionez, XVI. mendekoak dira dokumentazioan ageri diren ontziolen aitamenik zaharrenak. Garai hartan ardura handiko jarduera zen. Ikustea besterik ez dago herriko dorretxeetako hiruk, gutxienez, ontziola propioa zeukatela: Luzarrako dorretxearena Salbe aldean zegoen; Doneperiaga eta Madariaga dorretxeena, berriz, garai hartan Ogena esaten zitzaion inguruan, gutxi gorabehera gaur egungo Botikazarreko parkean alegia.

XVI. mendean hamaika ontzi egin zituzten Deustuan, gehienak Ameriketarako joan-etorriak egiteko, alegia, garai hartako teknologiarik puntakoena. Luzarratarrak, esate baterako, Plasentziako Gotzainarentzat bi egiten ari ziren 1537an. Hala ere, jatorri apalagoko beste familia bat nabarmendu zen: Busturiatarrak. 1550-1640 bitartean haiek izan ziren Deustuko ontzigile garrantzitsuenak. Domingo Busturia arotz maisuak Madariaga dorretxeko ontziolan ziharduen 1550ean San Pablo galeoiaren aparailu guztiak prestatzen. 1568an eta sei hilabeteko epe sinesgaitzean ‘hamabi apostoluak’ deitu zituzten galera-galeoiak egin zituen Ogenan bertan. Ontzi haiek ez ziren oso handiak (250 tona) eta belaz nahiz arraunaz nabigatzeko gauza ziren. Karibe aldean espainiar ontziak babesteko diseinatu zituzten. Ogenako hareatzan hamabi ‘zulo’ egokitu zituzten beste horrenbeste galera-galeoi egiteko. Izan ere, ontziola esaten dugunean, aldian-aldian erabiltzen ziren behin-behineko instalazioak eduki behar ditugu gogoan.

Domingo Busturiaren garrantzia nabarmenago gelditu zen 1568an, Bizkaian egiten ziren ontzien gaineko memorial zehatza osatu baitzuen, errege aginduei erantzunez. Domingoren ostean seme eta iloba Pedro Busturiak jarraitu zuten ontzigintzan. Haiek garai latzagoak ezagutu zituzten, 1570tik aurrera Espainiako erregearen ogasuna krisian sartu eta Atlantikoa gerra eremu latza bilakatu izanaren ondorioz Bilboaldean ontzigintza apaldu zelako

Hala ere, bazebiltzan. 1614an Pedro Busturiak Doneperiagako dorretxeko ontziola zeukan alokatuta. Segurutik bera izan zen Ogenan 1635 eta 1638 bitartean Galizia defendatzeko eraiki zituzten zortzi galeoien egileetako bat.

1570etik zetorren krisialdiari erantzuna eman nahian, 1615ean Zorrotzako Errege Ontziola beharrean hasi zen eta, harrez gero, harena izan ziren ozeanoa zeharkatu behar zuten ontzi handiak egiteko ardura. Hala ere, deustuarrek ontzigintzari eutsi zioten, batez ere Zorrotzako olan behargin gisa, baina baita Deustuan bertan ontzi txikiagoak egiten eta istinkatzen ere. XVIII. mendearen bigarren erdialdean zeregin horretan aritu ziren Lorenzo Tellaetxe, Esteban Bakedano, Juan Aresti… Orduko jarduna zeharo moteldu zen XIX. mendearen hasieran, gerra zikloa eta Amerikako independentzia zirela bide.

Susperraldia lehenengo karlistadaren ostean (1840) gertatu zen, Bizkaia Espainiako merkatu nazionalean sartu izanaren eta Espainiako Gobernuak ezarritako politika protekzionisten ondorioz. Zilarrezko aroa etorri zitzaion itsasadarreko ontzigintzari. Deustuan Domingo Bareño, Manuel Kortabitarte eta, batez ere, Julian Unzueta aritu ziren ontziak egiten Botikazarrean. Ontziola txikiak ziren, artisau erakoak. Behin kroskoak eginda, sirga bidearen eta kaiaren gainetik uretaratzen zituzten. Belaontzi azkarren aroa izan zen XIX. mendearen erdialdea eta clipper erako ontzi ugari egin zituzten Deustuan, batez ere 1845 eta 1860 bitartean.

Handik aurrera baporeak eta metalezko kroskoak nagusitu ziren. Deustuko eta, oro har, Bizkaiko ontziola txiki haiek ez ziren baldintza berrietara egokitu. Gutxi batzuek, hala ere, iraun egin zuten; Kortadiren ontziola, adibidez, XX. mendean jardunean zebilen. Ontzigintzak beste modu batez iraun zuen: barkuetarako ekipoak egiten, Cadenas Vicinay aingura lantegia kasu. 

Hektor Ortega