Jesus Loroño Arteaga euskal txirrindulari handienetako bat izan zen. 1945 eta 1962 bitartean aritu zen profesionaletan eta bitarte horretan 65 garaipen eskuratu zituen. Garai hartan zapaldutako euskalduntasuna ordezkatu zuen txirrindularitzan, Federico Bahamontesekin eduki zuen lehia itxiaren ondorioz.

Larrabetzun jaiotakoa, 1942an hasi zen inguru hartan egiten ziren txirrindulari karreretan parte hartzen. Egunez gogor lan egin eta gero, baserrian batez ere, iluntzean entrenatzera joaten zen, sarritan inori ezer esan barik. Lehenengo garaipen handiak 1947an lortu zituen, batez ere urte hartako Narancoko igoera, Asturiasen, artean txirrindulari zeharo ezezaguna zela. Aldats gogorrean gora, egun biko proba hura aise irabazi zuen, ikusle eta lehiakideak aho bete haginekin utzita.

Garaipen hark eman zion bultzadaz, hurrengo urteetan euskal txirrindulari onenen pare jarri zen eta, kirol horretarako zituen dohain ikaragarriak ongi aprobetxatuta, Espainiako elitera iritsi zen. Arlo guztietan polito zebilen, hala aldatsean gora nola beherazkoan edo ordekan. Aditu guztiak bat datoz esatean beste garai edo baldintza batzuetan korritu izan balu askoz etekin gehiago aterako liekeela haren ezaugarriei. Baina garaiak haiek ziren.

Eta garai haietan, lehenengo eta bat, etapakako lasterketa handiak estatuen ekipoek korritzen zituzten. Vueltan (1950-1955 bitartean ez zen egin) edo Tourrean behar zen bezala egoteko, estatuko selekzioarekin joan behar zen eta bertako zuzendariari jaramon egin. Horrek kalte egin zion, batetik berandu ohartu zirelako bere dohainez eta, bestetik, garai hartako Espainiako txirrindularirik handienarekin, Federico Bahamontesekin alegia, ika-mika handiak eduki zituelako. Borroka zaletuengana ere heldu zen, bando bi egin baitziren. Horren ondorioz, Euskal Herrian Loroño bilakatu zen diktadurak ukatzen zuen euskaltasunaren ordezkari. 

1949an Arrateko igoera eta beste bost lasterketa irabazi zituen Loroñok. Hurrengo urteetan ere sariak irabazten segitu zuen, harik eta benetako eztanda 1953ko Tourrean heldu zen arte. Urte hartako uztail beroan Larrabetzuko txirrindulariak etapa bat eskuratu zuen (Pau-Cauterets, Aubisque mitikoan eraso eginda) eta, batez ere, orduan egundoko itzala zuen saria eskuratu zuen: mendiaren saria. Frantziara beste txirrindularien alde lan egitera joan zena heroi eginda itzuli zen Euskal Herrira.

Hurrengo urtean, ostera, istripu larria eduki zuen Kanpazarretik behera jaisten, moto baten kontra jo eta gero. Agur denboraldiari. Kinka oso latza izan zen. Unerik gozoena, ostera, 1957an etorri zen. Aurreko urtean bigarren egin zuen Espainiako Vueltan, Angelo Conterno italiarraren atzetik, jokaldi zikin baten ondorioz. Baina 1957an aurkaririk gogorrena bere ekipoan eduki zuen: Bahamontes. Taldekidea izan arren eta Loroño aurretik edukita ere, Toledoko arranoak erasoa jo zuen. Harrez gero lasterketa osoa elkarren kontra oldartzen eman zuten. Azkenean Larrabetzukoa nagusitu zen. Tourrean ere egundoko maila eman zuen eta bosgarren egin zuen, Jacques Anquetil handiarengandik 20 minutura. Azkenik, urte hartako Kataluniako Voltan nagusitu zen.

Hurrengo urteetan Bahamontes eta Loroñoren arteko lehiak indar betean segitu zuen eta oso nabarmena izan zen, batez ere Espainiako Vueltan. Ezinikusi horrek 1958ko Tourretik kanpo laga zuen larrabetzuarra. Emaitzei dagokienez, euskaldunak zazpigarren amaitu zuen 1958ko Giroa (Faema italiar taldean zebilen) eta urte hartako Bicicleta Eibarresa irabazi zuen.

1962an erretiratu zen, baina beti eutsi zion bizikletan ibiltzeko ohiturari. 1998an hil zen, Larrabetzun. Haren omenezko oroigarria jarri zen, herritarrek ordainduta, Sollubeko gainean. Haren gomuta indartzeko, Sociedad Ciclista Bilbainak Jesus Loroño zikloturista lasterketa klasikoa sortu zuen.

Hektor Ortega