Bizkaiko oligarkiako familiarik ospetsuenetako baten jaioa, Jose Maria Urkixo Ibarra katolikotasunaren burua bilakatu zen herrialdean XX. mendeko lehenengo herenean. Enpresaburu eta politikari aritu zen eta La Gaceta del Norte egunkaria sortu zuen. Haren anaia Adolfo ere politikan jardun zen eta beste anaietako bat, Julio, euskal filologian nabarmendu zen.

Jose Maria Urkixo Bilbon jaio zen 1872ko maiatzaren 6an, eta Deustuan eta Campo Volantinen bizi izan zen gaztetan. Ikasketak jesuitekin eginda, estu-estu lotu zitzaion fede katolikoari eta berau gizartean gauzatzeko aita santu Leon XIII.ak egin zuen deialdiari. Zeregin horretan, hiru arlo jorratu zituen, gehienbat: kazetaritza, politika eta arlo apostolikoa. Lehenengoari dagokionez, 1901ean La Gaceta del Norte egunkari katolikoa sortu zuen. Harrez gero eta hil arte sendo atxiki zuen esku artean ontzi hartako lema, hala jarduera ekonomikoaren arduradun nola auzi politiko garrantzitsuenen aurrean hartu beharreko jarrerak ebazten. Katolikoen batasun politikoa eduki zuen beti helburu.

Batasun hura politikan gauzatu nahi izan zuen. 1903ean Espainiako Gorteetan Bilboko barrutiko diputatua izateko hautagai aurkeztu zuen bere burua, katolikotasunaren beso politiko gisa eta babes zabala lortuta (tartean, Sabino Arana eta EAJrena). Irabazi egin zuen. Hurrengo urteetan beste bitan ahalegindu zen Gorteetara itzultzen baina ez zuen arrakastarik izan. Hala ere, ahalmen handiko gizona bilakatu zen Bizkaia eta are Espainiako politikagintzan, La Gaceta del Norteren itzalari esker, Espainiako Gobernuaren lege proiektu batzuk oztopatu zituen (adibidez, erlijio ordena berriak sortzea debekatzen zuen legea, 1910ean).

Haren indarra baliatu nahi izan zuen, halaber, Errepublikaren gobernuaren jardueraren aurka. Oposizio latza egin zion erregimenari, armen bidez aurka egiteko deialdiak barne, eta horregatik 1932ko urtarrilean Larrinagan espetxeratu zuten. 1936ko uztaileko estatu kolpeak huts egin eta gero, Zarautzen atxilo eta Ondarretako kartzelara eraman zuten. Irailaren 5ean fusilatu zuten, hantxe bertan, Victor Pradera iruindarrarekin batera. 

Hektor Ortega