Julia Berrojalbiz Berrojalbiz 1923ko otsailaren 19an jaio zen Gernikan.Oinarrizko ikasketak Gernikan, Bilboko teresiarrekin eta Gasteizen egin zituen.

 Medikuntza nahiz kimika unibertsitatean ikasteko asmoak alde batera uztera behartu zuen garaiko gizarteak, emakume izateagatik. Ondorioz, irakasle ikasketak egin behar izan zituen.

 1951an Jose Andres Andia abokatuarekin ezkondu zen eta Bilbora aldatu ziren. Hiru seme-alaba izan zituzten. Halaber, Xabier Peñak ematen zituen euskal eskoletan alfabetatu egin zen.

 Bizkaiko ikastolen sorreran parte hartu zuen. Bilboko lehen ikastola 1957an hasi zen hamalau ikaslerekin, Bariko San Nikolas elizan. Elizako erretorea Jesus Gonzalez zen, eta irakasleak, besteak beste, Mª Angeles Garai, Agurtzane Alberdi eta Julita Berrojalbiz.

 Handik Iralabarriko frantziskotarren komentura jo behar izan zuten, 1959an, berrogeita zortzi ikaslerekin. Lau irakasleak Agurtzane Alberdi, Severina Mardaraz, Estibaliz Gereño eta Carmen Gangoiti izan arren, Berrojalbizek ere lan handia egin zuen.

 Francoren diktaduran legez kanpo zeudenez, 1960an agintari frankistek itxiarazi egin zituzten ikastola horiek. Euskarazko hezkuntzarekin nolabait jarraitu ahal izateko, eskolak etxez etxe eman zituzten isilpean, Berrojalbiz eragile nagusia zela.

 1966ean, Euskaltzaindiaren babesarekin, ireki zuten Resurreccion Maria Azkue Ikastola, Elkano kaleko egoitzan, Pablo Gurpide Bilboko apezpikuaren bedeinkazioarekin.

 Pablo Sanchez hezkuntza ikuskariarekin hitz egin ondoren, 1968an Madrilego Gobernura jo zuten Julita Berrojalbiz, Tere Rotaetxe eta Alfonso Irigoien euskaltzainak. Horrela legeztatu ahal izan zen Bilbaon,Berrojalbiz zuzendari zuen Resurreccion Maria Azkue Ikastola.

 Arrakasta handia izan zuen, eta ikasleak ugaritu ahala, egoitza berriak alokatu zituzten. 1971-1972 ikasturtean, 530 ikasle zituzten hogei ikasgelatan. Ondorioz, 1972an zabaldu zen Lauroko Ikastola handia Loiun, Berrojalbiz zuzendari pedagogikoa zela.

 Halaber, Bizkaiko beste ikastola askotako sorreran parte hartu zuen. Euskerazaleak elkarteko kide izan zen, euskara batua onesten ez zuena. Hala ere, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967an eta ohorezko euskaltzain 1998an.

 1998ko azaroaren 11n hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte