Jose Maria Mateos Larruzea kirol kazetaritzaren aitzindarietakoa izan zen Euskal Herrian. Gaztelaniaz idatzi zuen, gehienbat Bilboko prentsan, La Gaceta del Norten batez ere. Athleticen lehenengo historialaria izan zen eta hari zor zaio klubaren mito batzuen sorrera. Espainiako futbol selekzioaren hautatzaile ere aritu zen 1920 eta 1930ko hamarkadetan.

Mediku militar baten eta Bilboko etxeko andre baten seme bakarra, Jose Maria Mateos Larruzea Erribera kalean jaio zen 1888an. Hamar urte bete orduko umezurtz zegoenez,  izekoen esku gelditu zen. Eskolapioen ikastetxean zaletu zen futbolean, baita aritu ere, Vasconia taldean. Ekipo hartan jokatu zuten, besteak beste, Jacinto Mikelarenak edo Rafael Moreno Pitxitxik.

1904an Deustuko Unibertsitatean ikasten hasi bazen ere, laster utzi zituen ikasketak kazetaritzari ekiteko. Lehenengo Luistarren aldizkari batean –Semana Católica- eta, 1908tik aurrera, El Porvenir Vasco egunkarian. Gaztea izanik ere, Mateos erredaktore-buru jarri zuten arratsaldez argitaratzen zen eskuineko kazeta hartan. 1910ean La Gaceta del Nortera aldatu zen. Aurrerantzean, hura izan zen bere periodikoa.

Kazeta berrian sport-ei eskainitako atala sortu zuen. Kirolak puri-purian zeuden XX. mende hasi berri hartako Bizkaian, batez ere futbola. Atal berria haren agindupean gelditu zen eta horrela lehenengo kirol kazetarietako bat bilakatu zen Mateos.

1922an Mateosek Athleticen lehenengo historia liburua idatzi zuen, ‘Athletic Club de Bilbao (1898-1922)’,  eta 25 urte geroago jarraipena eman zion -‘Los 50 años del Atlético de Bilbao (1898-1948)-. Bertan klub zurigorriaren mitoetako batzuk idatzi zituen (sorrera data 1898an ezarri zuen, adibidez), nahiz eta horien egiatasuna ez dagoen oso argi.

Idatzi ez ezik, kirol kontuetan buru belarri sartu zen: Bilboko Deportivon, Bizkaiko Atletismo Federazioan (1917an presidente) eta Espainiako futbol selekzioan. Azken horretan hautatzaile aritu zen 1922 eta 1933 bitartean. Bilboko zinegotzia ere izan zen 1922an, Comunión Nacionalistaren izenean.

Ia azken hatsa eman arte jarraitu zuen La Gaceta del Norten kirolaz eta, batez ere, futbolaz idazten. 

Hektor Ortega