Frantziako Tourrean esku hartu zuen lehenengo bizkaitarra Vicente Blanco deustuarra izan zen. 1908 eta 1916an birritan nagusitu zen Espainiako Txapelketan. Haren txirrindulari karrerari balio erantsia ematen dio gizon elbarria zela. Koxua esaten zioten.
1884ko uztailak 14 zituen Vicente Blanco Etxebarria Deustuan jaio zenean. Aita itsasgizona zuen eta hura bezala ontziratu eta sukaldeko laguntzaile gisa nabigatu zuen hamahiru urteko txotxoa zela. Gero itsasontziko makinak ikatz palakadez elikatzen zaildu zen.
Urte batzuk geroago lehorreratu eta fabriketan behargin hasi zen. Orduko lan baldintza gogorrek larrutik ordaindu zituen. Basauriko La Basconian burdin gori zati batek ezker oina zulatu eta ia erabat txikitu zion. Sendatu eta gero, Euskalduna ontziolan eskuin oineko bost atzamarrak galdu zituen beste istripu batean. Harrez gero, Vicente koxua.
Ondoren mila-ofizio horietako bat izan zen: angulero, itsasadarrean txalupari…, baina baita kirolari ere. Ugerrak jandako bizikleta astun eta zaharra eskuratu eta haren gainean hasi zen txirrindulari. Bizkaiko lasterketa batzuk irabazi ostean, 1908ko Federación Atlética Vizcaina (FAV) kirol elkarteak Espainiako txapelketara bidali zuen, Gijónera, hori bai, bizikleta hobeagoa emanda. Irabazi egin zuen. Blanco Bizkaiko lehen txirrindulari profesionala bilakatu zen.
Hala moduzko profesionalizazioa zen hura, saria irabazi ezean diru gutxi zegoelako. 1909an berriro gailendu zen Espainiako txapelketan, orduko hartan Valentzian. Ibilkera baldarreko gizon hura ziztu bizian egiten zuen hegan bizikleta gainean.
1910eko Tourrerako izena eman zuen. Lehen bizkaitarra zen frantziar lasterketan. Bilbotik Pariseraino bizikletaz joan zen. Ozta-ozta iritsi zen garaiz. 155. zenbakia eman zioten. Lehenengo etapari gogotsu ekin zion, Paristik Roubaixeraino, 272 kilometro. Tamalez, lehena azkena ere izan zen. Ederto igarri zituen Bilbo-Paris bizikletaz egin izanaren ondorioak. 160 kilometro egin ostean amore eman zuen.
Bilbora trenez itzuli zen. Abandoko geltokian ehunka lagunek egin zioten harrera. Heroia zen. 1916 arte jarraitu zuen lasterketetan. Kataluniako Voltaren lehen edizioan hirugarren egin zuen eta beste sari batzuk irabazi zituen. 1957ko maiatzaren 24an hil zen.
Hektor Ortega