Agustin Gainza Bikandi, PiruAthleticeko futbolaria izan zen hogei urtez. Epe luze horretan hamaika titulu irabazi zituen, belaunaldi biren buru jardun zuen, marka gaindiezinak ezarri zituen eta, batez ere, haren jokoaren gomuta ezabaezina laga zuen. Ezker hegaleko aurrelaria klubeko mito handienetako bat da. Erretiroa hartu eta gero, entrenatzaile aritu zen.

Athleticek sortu dituen mito ugarien artean indartsuenetako bat da Piru Gainza, Rafael Moreno Pitxitxi edo Jose Angel Iribarren parekoa. Gerra ostean fitxatu zuten, Basauriko La Basconia lantegian mutil zebilela, hutsetik hasi behar izan zuen talderako. Berarekin batera karrera luzea egin behar zuten jokalari gehiago heldu zen sasoi hartan: Telmo Zarraonandia, Zarra, Panizo eta Iriondo. Elkarrekin hamaika orrialde loriatsu idatzi zituzten Athleticen historian. Lehenengo arrakastak 1942-43 denboraldi ikaragarrian heldu ziren, ekipoak bikoa lortu baitzuen (Liga eta Kopa). Balentriaren ondoren, Kopa bi gehiago iritsi ziren (1944 eta 1945). Lehenengoan Gainzaren ekarpena asko igarri zen, batez ere Liga erdia jokatu barik egon zelako, lesio baten ondorioz.

Kopa hirutan jarraian irabazi zuen, beraz, baina Ligan ere ekipo beldurgarria zen hamarkada hartako aurrealde mitikoarena: Gainza eta Zarraz gain, Venancio, Iriondo eta Panizo. 1946-47 denboraldian bigarren gelditu zen, lehenengoaren (Valentzia) puntu kopuru berdinarekin. 72 gol sartu zituzten lehoiek, eta bost partidutan sei gol egin zituzten, haietako bat Real Madrilen zelaian (3-6). Urte hartako Kopan, Celtaren aurkako partidan, San Mames marka berri baten lekuko izan zen: Athleticek 12-1 irabazi zion Galiziako taldeari eta Gainzak zortzi gol egin zituen. 

Golak gurdikadaka sartuta ere, urte hartan ez zuten Koparik irabazi. 1950 urtera arte itxaron behar izan zuen atzera gailentzeko klubaren txapelketarik maitatuenean. Hamarkada berriaren hasieran aurrealde mitikoak sasoitsu segitzen zuen: 1950-51 denboraldian Zarrak 38 gol egin zituen 30 partidatan. Kopuru izugarria. Baina ez zion titulurik eman Athletici. Horiek Ferdinand Daucik entrenatzailearen eskutik heldu ziren. Lehenengo, Kopa, 1955ean, eta hurrengo urtean, bikoa. Hamahiru urte geroago, berriro irabazi zituen Gainzak Liga eta Kopa denboraldi batean. Zarra, Panizo, Iriondo… Athletic utzia zuten ordurako eta Uribe, Artetxe edo Arieta bezalako gazteak indartsu zetozen. Zubilana egin zuen Gainzak, kapitain jarrita.

Eta arrakastaz. Bikoaren ostean, 1957an Athletic Europako Kopan aritu zen, lehenengoz, maila bikaina emanda. Porto eta Honved ahaltsua, kanporatu ostean, bilbotarrek Manchester Uniteden kontra jokatu zuten final laurdenetan. Azkenean Athletic galtzaile atera bazen ere, kanporaketa hura betiko gelditu zen jarraitzaileen gomuta kolektiboan iltzatuta, hain izan zen epikoa.

1958an Athleticek Kopa irabazi zion Real Madrileri Madrilen bertan. Beste balentria bat Europako Kopan jaun eta jabe zen ekipoaren aurka. Hurrengo denboraldiaren amaieran laga zuen futbola Gainzak. Hogei urtez Athleticeko ezker hegala berea izan zen, Guillermo Gorostiza handiaren oinordeko ezin egokiagoa izan zela erakutsita. Ziztu bizian zihoala egiten zituen iskinek eta areara bidaltzen zituen erdiraketek egin zuten ospetsu.

Erretiroa hartu eta gero ere, Athleticekin lotuta segitu zuen. 1965-69 bitartean entrenatzaile ardura hartu zuen. Haren agindupean ekipoak Kopako final bi jokatu zituen (1965-66 eta 1966-67), baina saririk gabe.

Gainzaren zenbakiak izugarriak dira. Tituluak: liga bi eta zazpi kopa. Historian ez dago Espainiako zazpi kopa irabazi duen beste futbolaririk, ezta bederatzi final jokatu duenik, bera eta Jose Mari Belauste (Athleticeko beste mito bat) izan ezik. Jakina, bera da Kopako partida gehien jokatu duena: 99.

Athleticekin 493 partida jokatu zituen eta 152 gol egin. Espainiako selekzioarekin 33 aldiz aritu zen (10 gol). Brasilgo Munduko Txapelketa jokatu zuen (1950). 


Hektor Ortega