Berastegui kalearen 5. zenbakian dagoen kafetegia.

Severo Unzue Donamariak 1903ko uztailaren 7an zabaldu zuen, Albia lorategiaren parean. Severo Unzue karlista omen zen ideologiaz, Nafarroako sanmartindarra.

Bilbora soldadutza egitera etorri ondoren, ardandegia ireki zuen Ledesma kalean eta Ameriketako elikagaiekin merkataritzan aritu zen.

Café Iruña-k hasieratik izan zituen ferraren irudiko barra, kafe aretoa eta hiru jangela. Freskoz edertu zituzten paretak eta areto bat mudejar erara apaindu zuten. Sanferminetan dantzaldiak antolatzen zituzten Albia lorategian.

Severo Unzuek arrakasta handia izan zuen eta 1912-1930 artean hainbat ostatu ireki zituen: Archanda, Bilbao eta Gayarre kafetegiak; Guria jatetxea; Colonia Navarra elkartea, eta Recalde Park jolastokia. Era horretan, Severo Unzue 1940an hil zenean, seme guztiek jarraitu ahal izan zuten ostalaritzaren negozioarekin. 1980an Unzuetarrek ostatua eskualdatu zioten Iñaki Aseginolazari.

Tertulietara hainbat bilbotar ezagun biltzen ziren: Indalecio Prieto, Joaquin Zuazagoitia, Felix Unamuno (Miguelen anaia), eta abar. Jabearen ideologiakide zirenez, hainbat tradizionalistaren bilgune zen kafetegia eta Circulo Vazquez de Mella delakoa sortu zen handik gertu. Bilboko Nafarren Etxea ere kafetegian sortu zen.

Hauek izan ziren tertuliakide karlistetako batzuk Espainiako Gerra Zibilaren ondoko urteetan: Eduardo Clausen, Jose Madina Done Bikendi elizako erretorea, Enrique Fernandez de Arroiabe, Angel Zaldunbide, Jesus Elizalde, Moises Armentia, eta abar.

Gaur egun zabalik jarraitzen du izen bereko kafetegiak, Sanferminak ospatzen dituzte Albia lorategian eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu.

Antton Ugarte