Camilo Felipe de Vallavaso Echevarría Bilboko Plaza Berrian jaio zen 1838ko abuztuaren 23an. Bere gurasoak, Nicolás Fabian de Villavaso eta Isabel Andrea de Echevarría bilbotarrak ziren ere. 1840an Luisa de Lequericarekin ezkondu zen, Aulestin jaioa. Ez zituzten seme alabarik izan.

Camiloren aita merkataria zen eta bere bizilaguna Victor Luis Gaminde zen, Bilboko liberal aurrerakoia. Letra ikasketak hasi zituen baina ezin izan zituen burutu bere gurasoek izan zituzten arazo ekonomikoak zirela medio. Bere liburutegian frantsesez, ingelesez, alemanez eta italiarrez idatzitako liburuak zituen, beraz hizkuntza hauek ulertzen zituela esan daiteke. Guztira 709 obra gazteleraz eta 863 beste hizkuntzetan. Egaña, Astarloa, Delmas, Goncourt, Guizot, Michelet edo Lamartine bezalako autoreak irakurtzen zituen.

Francisco de Hormaechek lagundu zion literaturagile moduan hasitako ibilbidean. Bere lehen lana 18 urterekin publikatu zuen De la guerra de Durango con el linaje de Zaldívar izenburupean, 1857an eta 1864-1869 urteen artean Villavasok Irurac-Bat egunkarian parte hartu zuen. Nazioarteko politikan aditua zen. Revista de Vizcayan, El Noticiero Bilbaino, La Paz edo Diario de Bilbaon ere aritu zen gero. Lan literarioen artean esanguratsuena La cuestión del puerto de la Paz y la Zamacolada izan zen, bertan Bizkaian 1800 urtea inguruan zeuden eztabaidak eta lehiak aurkezten dizkigu.

Politikan eta arlo instituzionalean beti Liberal moduan hartu zuen parte. 1868an Bizkaiako Komite Liberalean sartu zen eta liberalismoaren militante historikoekin, Víctor Luis Gaminde-rekin adibidez egon zen. Foruen defentsak bere liberalismoarekin egiten zuen bat. Barroeta Aldamar senataria babestu zuen, Senatuan foruen defentsa egin zuenean.

1868ko iraultzaren ondoren, Bilboko Udalbatzan aritu zen. Udaleko idazkari izandako Miguel de Inguzak bere postua utzi zuen eta 1869an Villavaso sartu zen eta 1876. urtera arte egon zen. Izan ere, Durangon Gorteetako diputatu aukeratu zutenean utzi behar izan zuen idazkari postua. Bizkaiko Batzar Nagusitan Bilboko ordezkaria izan zen 1870, 1872, 1876 eta 1877an. Azken urte honetan, aulkia utzi zuenean, Udaletxeko idazkaritzara itzuli zen 1886ra arte.

Osasun arazoak zirela eta utzi behar izan zuen politikako jarduera. Bilboko Kronista eta Liburutegiko ikuskatzaile izendatu zuten. Honekin bere pentsioaz gain, 1.750pta irabazten zituen.

1876eko eztabaidan, Espainiako Parlamentuan, foru legeen alde mintzatu zen eta legearen aurka bozkatu zuen.

Izaro Arbilla