Euskal txirrindularitzak eman zuen lehenengo izen handienetako bat. Hamaika lasterketa irabazi arren, haren izena Tourrarekin eta, bereziki, Galibier mendatearekin iltzatuta gelditu da. Sodupekoa izatez, Bilborekiko lotura handia eduki zuen, bertako talde batean denboraldia asko egin zituelako (Sociedad Ciclista Bilbaina, SCB) eta, erretiroa hartu eta gero, bizikleta denda ireki zuelako.

Gordexolan jaio zen Federico Ezkerra 1909ko martxoaren 10ean, baina bizi Sodupen bizi izan zen beti, baita bertan hil ere 1986ko urtarrilaren 30ean. Gaztetan futbolean aritu zen baina min hartu zuen batean bizikletaz hasi zen eta harrez gero ez zuen utzi. Txirrindulari lasterketei 1928an ekin zien. Orduan Ugaoko txirrindulari elkartetik Athleticera aldatu zen (klub zuri-gorriak futbolaz besteko kirol atalak zeuzkan artean), eta ondoren GAC taldera. Hurrengo urteetan eta ia erretiroa hartu arte GAC, Orbea eta SCB taldeetan aritu zen, gehienbat. 

Lehenengo urteetan garaipen gutxi batzuk lortu zituen Euskal Herrian, bigarren mailako lasterketetan. 1931n, ostera, asko nabarmendu zen. Euskal Herrian proba bi irabazi zituen (Legazpi eta Sodupe), Asturiasen eta Valladoliden bana eta, garrantzitsuena, lehenengo itzulia eskuratu zuen, Levanteko Itzulia (gaur Volta a la Comunitat Valenciana) hain zuzen, hiru etapa irabazita gainera.

Hurrengo urtean segida eman zion bolada onari: lau garaipen (tartean, Bizkaiko Sari Nagusia) eta Arabako Itzulia. Eta 1933an izugarri handitu zuen palmaresa: Bizkaiko Sari Nagusia, Egirletako igoera, Galiziako Itzuliko etapa bi, Levanteko Itzuliko etapa bat eta Pontevedrako Itzuliko etapa bat eta sailkapen nagusia, besteak beste. 

Garaipenetan urriago izan arren, 1934. urteak Ezkerraren bizitza markatu zuen. Frantziako Tourra korritu zuen lehenengoz eta polito aritu zen. Amaitu hemeretzigarren amaitu zuen lasterketa osoa, baina ospe handia lortu zuen Galibier mendi mitikoa igotzeko ahaleginean lehenengoa izan zelako, nahiz eta gero ez zuen etapa hura irabazi. Igoerako marka ondu zuen, gainera.

Frantziako prentsak Galibierreko arranoa esan zion.  Hurrengo urtean ere ahalegindu zen Tourrean, baina 5. etapan laga behar izan zuen. Baina 1936ko edizioan ezin hobeto ekin zion eta emaitza bikainak lortu zituen. Berriz ere Galibierren nabarmendu zen, goian lehenengoa izanik, baina etapa ezin irabazita. Egun batzuk geroago ostera, lehenengo helmugaratu zen Cannesen. Tour hartan hamazazpigarren egin zuen eta mendiko sailkapenean hirugarren. Etapa irabazi zuen egunean uztailak 18 zituen. Hari sariak ematen zizkioten bitartean, Hego Euskal Herrian eta Espainian estatu kolpea jo zuten eskuindarrek. Porrotaren ostean, gerra zabaldu zen. Federico Ezkerra Frantzian gelditu zen. Hurrengo urtean ere Tourrean esku hartu zuen, eta hirugarren egin zuen hamargarren etapan. 1937ko Tour hura izan zen euskal txirrindulari batek irabazitako lehenengoa, Baionako Roger Lapébie nagusitu zen eta.

1938an, gerra artean amaitu barik zegoela, lasterketa andana korritu eta irabazi zituen Ezkerrak Euskal Herrian, besteak beste, Ordiziako Sari Nagusia. Gerra ostean, txirrindularitzak hein batean normaltasuna berreskuratu ahala, lasterketa eta itzuli gehiago egiten hasi ziren. 1940ean, esate baterako, Federico Ezkerrak dozena bat garaipen eskuratu zituen, tartean zela Levanteko Itzulia eta Espainiako Txapelketa. Hurrengo urtean Espainiako Itzuliko etapa bat irabazi zuen, bere palmareseko bakarra.

Azken urteetan Kataluniako taldeetan korritu zuen (1941-43) eta garaipenak nabarmen urritu zitzaizkion. Hala ere, gogor segitu zuen harik eta 1944an, Kantabriako Itzulian, istripu larria eduki zuen arte. Urtebete eman zuen ospitale eta mediku artean eta, ondoren, txirrindularitza profesionala laga zuen. Erretiroa hartu eta gero bizikleta denda zabaldu zuen Bilbon.

Orotara 85 garaipen eskuratu zituen Federico Ezkerrak hamazazpi urtetan (1928-1944). Hala ere, Tourrean egindako balentriak dira Ezkerraren gomuta gehien elikatu dutenak. 

Hektor Ortega