Atletismoak sustrai zaharrak ditu Bilbon, baina beste kirol askorekin gertatu den bezala, beti ibili izan da futbolaren itzalpean. Hala ere, klub asko eduki ditu, atleta bikainak eta hamaika lasterketa. Horietakoa da Herri Krosa, filosofia berezi samarreko herri lasterketa.

XX. mendearen hasieran, sport berrien aroa zabaldu zenean, Bilbo burgesak harrera beroa egin zion atletismoari. Federación Atlética Vizcaina elkartea (FAV, izen hori eduki arren, kluba zen, ez federazioa) 1905ean eratu zuten eta, izenak berak iradokitzen duenez, atletismoa landu zuen, beste kirol askorekin batera (igeriketa, txirrindularitza, futbola ...). Bestaldetik, urte batzuk ziren Zamacois gimnasioan ere kirol atletikoak lantzen zituztela. Haien oinordeko jaio zen, 1913an, Club Deportivo ospetsua, Bilboko atletismoaren oinarri nagusietako bat. Sortu eta berehala, 1914an, lehenengo cross-country lasterketa antolatu zuen, baita lehenengo Bizkaiko Kirol Olinpiada ere, Campo Volantineko pasealekuan.

Baina garai hartan gehiago ere baziren. Hurrengo urteetan Athleticek atletismo saila eratu zuen eta beste horrenbeste egin zuten beste futbol talde indartsuek, Getxoko Arenasek esate baterako. Garai hartan kirolari batzuk futbolean aritzen ziren neguan eta atletismoan udan, Pedro Vallana, Jose Maria Peña (biak Arenasekoak) edo Rafael Moreno Pitxitxi mitikoa kasu.

Sasoi hartan ospetsu egin ziren, halaber, San Mamesko futbol zelaitik abiatutako krosak. Haietako batzuk nazioarteko probak izan ziren edo Espainiako Txapelketa gisa erabili zituzten. Kros horietako batean, 1920ean alegia, Bilbon, Espainiako Atletismo Federazioa sortzea erabaki zuten Gaztela, Kantabria, Katalunia, Gipuzkoa eta Bizkaiko federazioek. Hura hamarkada ona izan zen Bizkaiko atletentzat, emaitza bikainak lortu baitzituzten Espainiako txapelketetan eta haietako batzuk Joko Olinpikoetara ere joan ziren (Jose Maria Larrabeiti, Amador Palma, Jesus Oiarbide...). Garai hartan markak ezarri zituztenen artean nabarmendu ziren, besteak beste, Juan Bautista Erice pertika jauzian eta Cosme Duñabeitia 800 metrotan.

1920ko hamarkadan nola, gaur egun ere krosak dira lasterketarik herrikoienak Bilbon. Zaharrena Santutxuko Sei Izar Herri Krosa (1979) dugu, bertako auzo elkarteak antolatuta. Baina jendetza mugitzen duena, duda barik, Bilboko Herri Krosa da, 1988an sortutakoa.

Urte hartan Cycle Clubeko Iñaki Oriak eta Javier Iturbek ideia emankor bi gauzatu zituzten. Biei antzeko filosofia darie eta biak ala biak bizi-bizirik daude hainbeste urte igaro arren: Bilbao-Bilbao zikloturista lasterketa eta Bilboko Herri Krosa. Kasu bietan korritzea da helburua, denborak, postuak eta garaipenak bazter utzita.

1988 urteaz geroztik Herri Krosa azaroan egin dute, hamar kilometroko ibilbidea atonduta Bilboko kale nagusietan barrena. Urte hartako azaroak 20 zituen lehenengo edizioa abiatu zenean eta harrez gero, batez beste, urtero 8.000tik gora korrikalari batu ditu. Antolakuntzak ez du kontuan hartzen ez egindako denborarik ezta posturik ere: helmugara iristen diren guztiak irabazleak dira eta bakoitzari saritxo bana ematen diote. Horregatik guztiagatik, Bilboko Herri Krosean giroa herrikoia da, jai kutsukoa, familiartekoa.

Bilboko mugetatik kanpo baina Bilborekin lotua, beste herri lasterketa batek ere oihartzun handia eskuratu du azken urteotan: Santurtzi Bilbo herri lasterketa (16 km, 3.500 korrikalari 2013an). Eta profesionalentzako probak ere egin izan dira azken urteotan, hala Bilbao Kirolak Nazioarteko Milia nola Bilbo Hiria Nazioarteko Atletismo Topaketa, pistako atletismoaren goi mailako bilera. Azken hori Zorrotzako pistan jokatu izan da.

Hektor Ortega