Athletic Clubek sortu zuen lehenengo mitoa izan zen Rafael Moreno Aranzadi, gaitzizenez Pitxitxi. Aurrelaria izan ez arren, gol sena ikaragarria zeukan. 1909 eta 1921 bitartean jokatu zuen Athleticen eta lau Kopa irabazi zituen. Futbola utzi eta gutxira hil egin zen.

Zazpi Kaleetan jaio zen Rafael Moreno Aranzadi, Andra Maria kalean. Aita Bilboko Udalaren idazkaria izan zen; amaren aldetik, ostera Telesforo Aranzadi antropologoaren eta Miguel de Unamuno idazlearen loba zen. Eskolapioen ikastetxean ikasi ondoren, aitaren desirei men eginez, Deustuko Unibertsitatean hasi zen. Baina ez zen inoiz legegizona izan, ez zuen inoiz ziurtagiririk balioztatu edo helegiterik aurkeztu. Rafael Moreno futbolaria izan zen, handienetakoa, eta horrela igaro da historiara.

Txotxotan, Eskolapioetan ziharduela, bertako ekipoan jokatu zuen eta sarritan aritzen zen Ingelesen Landako futbol partidetan. 1909an Athleticerako hartu zuten, laugarren ekipoan jokatzeko. Artean hamazazpi urteko gaztetxoa zen. 1910-11 denboraldian bigarren taldean zegoen. Lehenengo taldearekin 1912an jokatzen bazuen ere, lehenengo partida ofizialean 1913an hartu zuen parte: Real Madrilen kontrako norgehiagoka hartan gol bi egin zituen. Urte hartan bertan, San Mamesko inaugurazio partidan lehenengo gola egin zuen.

Harrez gero hamaika partida gogoangarri jokatu zituen lehoiekin, besteak beste 1915ean bilbotarrek Bartzelonari 5-0 irabazi ziotenekoa. 1914 eta 1916 bitartean Athleticek hiru Kopa jarraian irabazi zituen eta horietan Pitxitxiren ekarpena oso handia izan zen.

Eskuineko barneko gisa jokatzen zuen arren, golegile aparta izan zen. Bere bertuterik handiena iskin egiteko trebezia zen eta jaurtiketa bortitza zuen. Horrez gain, bizkorra eta zolia zen, zuhurra. Bestalde, jokalari tekniko askorekin gertatu ohi den bezala, odolgabe eta nagi aritzeko ospea ezin kendurik zebilen, batez ere gauzak txarto ateratzen zirenean.

Athleticekin lau kopa irabazi zituen, azkena 1921ean, San Mamesen bertan. Denetara 209 gol egin zituen. Horrez gain, euskal selekzioarekin jokatu zuen 1915ean eta 1916an. Espainiarekin bost bider aritu zen, tartean 1920ko Joko Olinpikoetan. Anbereseko joko haietan Espainiak zilarrezko domina lortu zuen.

Futbolaz gain, 1918an Bizkaiko atletismo txapelketan aritu zen, baita txapela lortu ere xabalina jaurtiketan.

1921ko irailaren 11n jokatu zuen Athleticekin azken partida. Ostean epaile hasi zen futbol partidetan. Baina ez zuen luze iraun. 1922ko martxoaren 1ean hil zen, Iturribideko bere etxean, toxikatuta. Andrea eta seintxoa (alabatxoa) laga zituen. Athleticek berehala egin zizkion omenaldiak eta partidak antolatu zituen egoera ekonomiko txarrean gelditu zen familia laguntzearren.

1926tik aurrera haren bustoa dago San Mamesen eta harrez gero zelaira lehenengoz datozen ekipoek lore-sorta egiteko ohiturari eutsi zaio. Bestalde, Espainiako Ligan gol gehien sartzen dituenari Pichichi saria ematen dio Madrileko Marca kirol egunkariak 1952-53 denboralditik. 

Hektor Ortega